GARA

Hezbollah-ek Sirian «behar beste denbora» jarraituko duela adierazi du Nasralak

Hassan Nasrala Hezbollah-en buruak talde xiita horren borrokalariek Sirian, Damaskoko soldaduen aldean, jarraituko dutela adierazi zuen, «herri horren eta eskualde osoaren onerako». Nasrala publikoan gutxitan agertzen den arren, bigarren egunez milaka jarraitzaileren aurrean hitz egin zuen atzo Beiruten. Atzo ospatu zen Axuraren jaia -xiiten erlijioan nagusietariko bat- aukeratu zuen Nasralak agerraldi hori egiteko.

«Gure borrokalariak Sirian daude Libano, palestinarren kausa eta Siria bera defendatzeko, eskualde osoan dauden arriskuei aurre egiteko ardatza delako», azaldu zuen talde xiitaren buruak.

«Beharrezkoa den bitartean Hezbollah bertan egongo da», esan zuen, Libanoko krisi politikoari irtenbidea bilatzeko miliziano xiitak Siriatik ateratzeko eskatzen ari direnei erantzunez. Izan ere, Martxoak 14ko Indarren koalizioak ez du onartzen Hezbollah-ek gobernu berrian parte hartzea Siriako gerran nahastuta dagoen bitartean.

«Zertarako nahi dugu Gobernuan toki bat eskualde osoa arriskuan badago?», berretsi zuen Nasralak Siriako borroka defendatzeko. Hitzaldian «herri arabiarren lurraldearen osotasuna» babestearen eta arazoak elkarrizketaren bidez defendatzearen alde ere agertu zen.

Libanoko ekialdean eta ipar-ekialdean egoera gero ta okerragoa den unean iritsi da aurten Axuraren ospakizuna. Siriako bonbardaketak jasaten dituzte eta azken egunotan obus batzuk erori egin dira alde horietan.

Sirian bertan, Armadak jarraitzen du bere ofentsiba matxinoak Damaskoko ingurutik urruntzeko. Helburu horrekin aire-erasoak egin zituen. Matxinoek, bere aldetik, obusak eta bonbak jaurti zituzten eta hiriburuko alde zaharrera iritsi ziren. Hiru pertsona hil eta 22 zauritu izan ziren eraso horietan, omeiatarren meskitaren inguruan.

Alepo aldean ere jarraitzen dute borrokek eta Armadak aurrera egiten jarraitzen du. Atzo Alepoko alde zaharreko hainbat alderen kontrola lortu zutela iragarri zuen.

Azken egunotan talde jihadistek dei egin diete talde matxino guztiei Alepoko eta bere inguruetako batailan parte har dezaten, Gobernuaren indarrak gelditzeko.

Aldi berean, kurduak aurrera egiten ari dira jihadisten kontra eta 18 alderri hartu dituzte asteartetik Hassaka probintzian. Lurralde horietan botere autonomoa martxan jartzeko asmoa iragarri dute PYD alderdiak eta beste talde kurduek.

Bestalde, Siriako gatazka konpontzeko AEBak eta Errusia prestatzen ari diren biltzarra -Geneva II- abenduaren 12an has daiteke, «Al Watan» egunkari siriarrak -iturri frantziarrak aipatuz- atzo jakinarazi zuenez. Siriako Gobernua eta oposizioko talde batzuk parte hartzeko prest agertu dira, baina biek beren baldintzak jarri dituzte. Oposizioak Baxar al Assad presidenteak boteretik kentzeko eta trantsiziotik kanpo geratzeko eskatu du. Siriako Gobernuaren arabera ideia horiek «amets» ez errealistak baino ez dira.

Damaskoko ordezkaritza ofiziala Moskura joango da astelehenean bilera hori prestatzeko. Atzo bertan Vladimir Putin presidente errusiarrak Al Assadekin hitz egin zuen eta Geneva II bileran parte hartzeko borondatea eskertu zion.