Anartz BILBAO BILBO

Lehian diren euskal lanak Arriagan emanda hasiko da Zinebi

Arriaga antzokian gaur gauean ospatuko den irekiera ekitaldiak jarriko du martxan 55. Zinebi, Bilboko Zinema Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia. Munduko bazter guztietatik hiru mila lanetik gora jaso dituen festibalak 67 hautatu ditu atal ofizialean lehiatzeko.

Atal ofizialean lehiatuko diren lan guzti horien artean zortzi dira lehian izango diren Euskal Herriko filmak -ehundik gora jaso dira, iaz baino %47a gehiago-. Eta azken urteotan ohitura bihurtu denez, hauexek izango dira Arriaga antzokian gaur ikusgai, iluntzeko 20.00etatik aurrera.

Euskal Herriko zinemagileen lanik berrienak ikusteaz gain, irekiera ekitaldian bertan aurtengo lehenengo Ohorezko Mikeldi Saria eskainiko zaio besteak beste «Nadie hablará de nosotros cuando hayamos muerto» eta «Sin noticias de Dios» zuzendu dituen Agustin Diaz Yanes (1950, Madril) zinemagileari. Gainera, antzoki barruko ekitaldia hasi baino ordubete lehenagotik eta 21.00ak bitarte, itsasadarreko uretan proiekzio ikusgarri bat izango da -larunbatean eta igandean errepikatuko dena-, Bilboko azken uholdeen 30. urtemuga gogoratze aldera; Uraren Esferako Lankidetzaren Nazioarteko Urtean gauden honetan.

Aipatutako Euskal Herriko zortzi lanen artean, dokumental bakarra dago, Asier Altunaren «Zela Trovke»; animaziozko lanak dira bi, Alberto Vazquezen «Sangre de unicornio» -Fant jaialdian saritua- eta Izibene Oñederraren «Hotzanak, for Your Own Safety» -Altunarenarekin batera eman zuten Donostiako Zinemaldian-; eta fikziozkoak gainerako bostak: Aritz Morenoren «Cólera» -Erdi Aroan kokatua-, Jesus Pueyoren «Sonic Trash» -izen bereko taldearen bideoklip-a-, Miguel Angel Refoyoren «3665» -zientzia-fikziozko lan apokaliptikoa-, Kepa Sojoren «Loco con ballesta» -komedia zoroa- eta Borja Cobeagaren «Democracia».

«Ikus-entzunezkoek garai zailak bizi izan dituzte beti, eta hauek ere ez dira errazak», adierazi zuen Zinebiko zuzendari Ernesto del Riok; «gurutze-bide batean gaude egun, baina zinema egin nahi duenak egingo du, oztopo guztien gainetik. Aterako gara aurrera». Bere hitzetan, Bilboko jaialdia «gurean egiten diren zinema lanen artean interesgarrienak hautatzera mugatzen da, eta beste urte batzuekin alderatuta, nabarmentzekoa da aurten aurkitu dugun aniztasuna».