GARA DONOSTIA

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek «Bizipoza» estreinatuko dute Eibarren

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek «Bizipoza» ikuskizun berria estreinatuko dute gaur Eibarko unibertsitateko antzokian. Oraingoan elkartasuna izango da landuko duten gaia, eta horretarako, Txernobyletik datorren laguna jaso nahi dute aireportuan. Euren furgoneta Panpoxa ez dabil eta garaiz iritsiko ez oten diren beldur dira. Azkenean arazoak atzean utziko dituzte jasoko duten laguntzari esker.

Honekin batera, DVD bat eta diskoa ere kaleratuko dituzte. Diskoan ikuskizuneko kantak biltzen dira, guztira 20, estilo askotarikoak (kunbia, boleroa, rocka...). Andoaingo Garate estudioetan hilabete eta erdian grabatutako lanean hainbat eta hainbat lagunek hartu dute parte, tartean, bertsolariak, musikariak eta abeslariak. Abestiak lotzeko ipuinak tartekatu dituzte, Uxue Alberdiren ahotsetan.

«Sentitu, pentsatu, ekin!» DVDak, berriz, bi urtebetetze ospatzeko balio du; pailazoen hogeita bosgarrena eta Amona Josefinaren ehungarrena. «Zorionak, amona!» atalean pailazoak jaio zirenetik orain arteko irudiak biltzen dira, eta Takolo ere bertan ageri da, nola ez.

Beste atal batean, «Ametsen amesgaiztoa», Amets Arzallusek Ipar Euskal Herriko ikastolen egoeraren berri ematen die. Azkenik, «Galiziako Irrien Lagunak» atalean, apirilean Galiziara egindako bidaiaren berri ematen dute. Bertan galegoaren erabilera sustatzen duten eragileak ezagutu zituzten eta elkarrekin «Quérote mais» kantatu zuten.