GARA

Estatus berria adoste bidean bilkura erronda iragarri du EAJk

«Euskadiren estatus politiko eta juridiko berria» adostu nahi duela-eta, datozen egunetan EAJk bilkura erronda bat irekiko duela iragarri zuen atzo EGIren VI. Asanbladaren amaiera ekitaldian Xabier Agirre ABBko lehendakariak.

Euzko Gaztediko (EGI) kideek Murgian ospatu duten VI. Asanbladaren amaierako ekitaldian hartu zuen parte EAJren Araba Buru Batzarreko lehendakari Xabier Agirrek, alderdi jeltzaleak datozen egunetan garatzea aurreikusten duen ekimen bat aurreratuz, gainera. Alta, alderdi politiko ezberdinekin bilkura erronda bat hasiko dutela adierazi zuen, «Euskadiren estatus politiko eta juridiko berria adoste bidean».

«EAJk oinarri duen `lege zaharra' kontzeptua berritu asmo dugu estatus politiko berri batekin, berdinen arteko akordioan, aldebikotasunean eta eremu judizialaren onespenean oinarritutako dena», nabarmendu zuen Agirrek. Ildo horretan, erabakitze eskubidearen «instituzionalizazioa» bilatzen dutela gaineratu zuen, «gizarte demokratiko eta libre baten adierazle nagusi izanik berau».

«Aukera berdintasunean lehiatu nahi dugu Europan. Horregatik, Europako trenaren aurrealdean egon nahi dugu, eta ez atzeko bagoian, Espainia bezala», nabarmendu zuen.

Adostasun bila

EAJk helburu duen estatus politiko eta juridiko berri hori ahalik eta alderdi politiko gehienen babesarekin garatu nahi dutela adierazi zuen ABBko lehendakariak, eta, era berean, ekimenak gizartearen «zilegitasun osoa» beharko duela gaineratu zuen. «Helburu horretara iristeko, ezberdinen arteko akordio zabal bat lortzea da gure asmoa, legegintzaldi honetan bertan parte hartzea, eztabaida eta analisia oinarri izango dituen ekimen hau finkatzeko», azpimarratu zuen. Ildo horretan, «akordio zabal» baten bila lan egingo dutela aurreratu zuen.

Batzartuta zeuden EGIko kideei zuzendutako mezu batekin amaitu zuen Agirrek bere hitzaldia. Hala, EGIko kideek EAJren alde eginiko apustua azpimarratu eta gazteok euskal gizartearekin duten konpromisoa nabarmendu zuen.