Surflari Ernegatua

Merezi dugun hori

«Prestige auziko» arduradun nagusia izan zena egun munduko estatu atzeratuenetako batean presidente izatea ondorio logiko bat baino ez da gurean Europarrentzat gu ere espainiarrak gara. Ozen hitz egiten dugu eta Torrebruno azentua daukagu. Beraz, oraindik ere «ole-ole» eta «relaxing cup of cafe con leche» bezalakoak entzuten jarraitu beharko dugu

Hamaika urte pasa ostean amaitu da «Prestige auziaren» harira garai batean hasi zuten eta «epaiketa» deitu zuten antzerkia. Emaitza, auzitegiko bainugelan komuneko papera aldatu beharra dagoela. Eta norbaitek galdetuko du, «eta horrek zer zerikusi dauka Europan izan den hondamen ekologiko handienetako baten auziarekin?». Epaileak berak erantzungo du, «nik badut horma-armairu bat etxean». Bai, batzuei elkarrizketa kafkianoa irudituko zaizue, baina halako elkarrizketa bat guztiz normala da Espainian.

Elkarrizketa luze bat, era bat logikoa dirudiena, ezinezkoa litzateke inguru haietan. Batetik, zentzuzkoa dirudielako, eta, bestetik, inor iraindu edo mehatxatu gabeko elkarrizketa bat, Espainian, elkarrizketa bat baino amodio aitortza bat delako.

Bai, daukaguna daukagu, merezi dugulako. Oraindik gure kostaldeko haitzak belztuta daude. Arazoa, denborak milaka urtetan bere kabuz konponduko zuela esan ziguten egunean bertan utzi geniola koilaratxo batekin harri belztuei igurzteari.

«Prestige auziko» arduradun nagusia egun munduko estatu atzeratuenetako batean presidente izatea ondorio logiko bat baino ez da. Hori bai, boza eman duten zein eman ez duten biztanleek, merezi duten ordezkaritza politikoa daukate, eta ez du balio, gure kasuan, kolonizatuak izan ginelako eta haiengandik geure burua desberdin ikusten edo sentitzen dugulako, «haiek bai, baina guk ez dugu merezi» esatea.

Europatik gertuago gaudelako, europarrago garela pentsa dezakegu, baina europarrentzat gu ere espainiarrak gara. Haiek bezala ozen hitz egiten dugu eta ingelesez hitz egitean Torrebruno azentua daukagu. Beraz, oraindik «ole-ole» eta «relaxing cup of cafe con leche» bezalakoak entzuten jarraitu beharko dugu aurpegira barre egiteko eskubide osoa duten atzerritarren ahotan.

Baina benetan merezi duguna ez da «Prestige» ontziarena bezalako hondamendi bat, tsunami edo lurrikara bat baizik. Asko, bertan hilko ginateke, baina ez didazue esango azken momentuak zinez zorionekoak izango ez liratekeenik; jendearen izu aurpegiak, orroak, kaosa, zerura begira dagoen apaiza eta erosi berria duen autoa salbatu nahi duen langilea. Zer irudi hobeagorik infernura joan aurretik?

Hondamendiaren ostean, munduko beste edozein herrialdetan labezomorroak baino ez lirateke bizirik geratuko, ez ordea gurean, eta, beraz, lehenik eta behin, bandera eta ereserki frankista berriz ezarriko lituzkete bizirik ateratako superheroiek. Haien komunikabideetan mapan berriz ere agertzen direla iragarri, haien koloniak oraindik ez dituztela galdu gogorarazi eta halako triskantza egin duen tifoi, tsunami, lurrikara edo dena delakoa atxilotzeko agindua igorriko lukete.

Eta guk, hiritarrok, bat egingo genuke, eta egingo dugu, egungo zibilizazio eta bizi ereduak aurrez desagerrarazten ez bagaitu. Bitartean, geure modura, geure logikaz eta garen hori izaten bizi gintezke, baina egingo al dugu? Edo koilaratxo batekin arroka belztuak igurzten jarraitu behar dugu?