Nagore BELASTEGI DONOSTIA
Elkarrizketa
ANDONI LUBAKI
FOTOKAZETARIA

«Arriskuan zaudenean ez hasi argi egokia bilatzen; kliskatu eta listo»

Urretxun jaioa (1982) argazkilaritza bere kabuz ikasi zuen Andoni Lubakik. Zaletasuna eskolako txango batera joateko aitari kamera kendu zionean sortu zitzaion. Egun, munduko gatazken erdigunean dabil bere kamerarekin; GARAko orrialdeetan ikus dezakegu batzuetan, Associated Press agentzian bestetan.

Sakelako telefonoa hiru aldiz kargatu behar izan zuen atzo Andoni Lubakik. Hainbeste dei jaso zituen, ezen bateria behin eta berriz agortu baitzitzaion. Ez zen harritzekoa, argazkilari euskaldunak nazioarteko hiru sari garrantzitsu eskuratu baititu Atlantako fotokazetaritzako seminarioaren baitan, Siriako gerran egindako lanagatik: argazkirik onena, erreportajerik onena eta gerra argazkilaririk onena.

Azken hau 2011ko apirilean Libian hil zen Chris Hondros fotokazetari estatubatuarraren omenez eskainitakoa da eta aurten bigarren aldiz banatzen dira.

Zer garrantzia du zuretzat sariok jasotzeak?

Alde batetik, errekonozimendua ematen dit. Egia esan, sekulako poza eman dit jasotzeak. Erabateko sorpresa izan da bigarren eta hirugarren postuetan zein argazkilari gelditu diren ikustea. Ni baino mila aldiz argazkilari hobeak direla uste dut, eta bat-batean pertsona batzuek esatea nire lana horien gainetik dagoela, ba pentsa...

Baina, bestalde, aspaldiko argazkiak ikusten hasi naiz eta konturatu naiz bertan ageri diren asko hilda daudela. Gatazkako irudiak atera egin behar dira, jakinda aurrean dituzun pertsonak asko sufritzen ari direla. Besteen minaz nik sari hau irabazi dudanez, sari mingotsa da.

Associated Press agentziak aurkeztu zituen zure argazkiak lehiaketara, ez zuk, ezta?

Bai, nik originalak gordetzen baditut ere, argazkien eskubideak agentziarenak dira. APko nagusietako batekin izan nintzen Perpiyan eta esan zidan Sirian egindako lana oso potentea zela eta lehiaketara aurkeztuko zuela, irabazteko aukerak nituela eta.

Argazkilariak, ehiztariak bezala, pazientzia izan behar du une egokian kliskatzeko. Nola izan daiteke pazientzia izatea une arriskutsu horietan?

Natura-argazkilaritza egiten baduzu pazientzia izan behar duzu, baina honelako egoeretan pazientzia izatea nahiko zaila izaten da. Hala ere, argazkia bilatzera egunero atera behar duzu; agian, lehenengo egunean ez duzu argazkirik aterako, baina hurrengoan bai. Arriskuan zaudenean ez hasi argi egokia bilatzen; kliskatu eta listo. Atera ezazu ahal duzun bezala eta hortik onik atera.

Arriskua gorabehera, gerrara itzultzen zara behin eta berriro. Zer dauka hainbeste erakartzen zaituena?

Galdera hori askotan egin didate eta, hala ere, ez dakit ondo erantzuten. Apaiz bati apaiza zergatik den galdetzearen parekoa da. Bokazioagatik, beharbada, edo bertan egotea gustatzen zaidalako, historia nire begien parean pasatzen ikustea eta horren argazkiak ateratzea. Beti interesatu izan zait nazioarteko politika. Gustuko lana daukat eta horregatik bueltatzen naiz.

Zuri gustatzen zaizu, baina zure ingurukoei?

Gaur amari esan diodanean saria irabazi dudala pozik jarri da, baina Siriara noanean ez dio batere graziarik egiten. Hasieran pentsatzen dute zoratuta nagoela, baina sari honek eman dit maite nauten pertsonen aurrean nire lana ondo egiten dudala erakusteko aukera.

Zure ustez, zein da argazkilari baten funtzioa gerran edo beste testuinguru batean?

Aurrean daukazuna ahalik eta fideltasun handienarekin erregistratzea, aldez aurretik jakinda argazkilaritza ez dela objektiboa.

Duela egun batzuk «Libération» egunkari frantsesak irudirik gabeko ale bat kaleratu zuen argazkien garrantzia aldarrikatzeko, ez omen diegu merezi duten trataera ematen.

Mundu bisual batean bizi gara, eta, hala eta guztiz ere, inoiz baino debaluatuago dago argazkia eta irudia. Orduan, niretzat oso ekintza ona izan zen `Libération'-ena: argazkirik ez baldin badago, galduta gaude testuarekin bakarrik. Gustatuko litzaidake jakitea zenbat jendek irakurri dituen albiste osoak, zeren normalean argazkiak begiratzen ditugu eta horien bidez istorio hori irakurtzen hasten naiz.

Associated Press-eko eta GARAko kolaboratzailea izateaz gain, Bostok agentzia jarri duzu martxan beste euskal argazkilari batzuekin batera.

Oraindik behin-behineko `CIF' zenbakia dugu, baina laster behin betikoa emango digute. Hasi dira lanak ateratzen eta oso pozik gaude. Hau da une honetako nire proiekturik handiena, Bostok; uste dut jende onaz inguratu naizela.

Erreportajeak eta egunerokoa erretratatzen dugu. Adibidez, Gari Garaialde kidea Bertso Txapelketa Nagusiko argazkiak ateratzen ari da eta nik `Bertsolari' aldizkarirako ere lanak egiten ditut. Euskal Herriko gaiak egiten ditugu, baina atzerrira ere begiratzen dugu. Josu Truebak punk kubatarrari buruzko lan bat egin du, esaterako. Eta nire kasuan, Euskal Herrian lan gutxi egin ditut, gehienbat kanpoan izan naizelako. Hemengo gaiak jorratzean ere kanpora begira egiten ditugu.