GARA LEIOA

Lomce legearen aurkako protestak ugaritu egingo dira datozen egunetan

Aplikazio fasean sartuko da bihar Lomce legea, Estatu espainiarreko Senatuan onartua izango baita. Hori dela-eta, Borroka Eguna deitu dute ostegun honetarako hainbat ikasle eragilek.

Aplikazio fasean sartuko da Lomce legea bihartik aurrera. Azken ekarpen politikoak egiteko beta izango du Senatu espainolak, onartu, eta Hezkuntza Ministerioaren eskuetan utzi aurretik, honek legearen garapena gauzatu dezan dekretu eta araudien bidez. Hortik aurrera, Nafarroako zein EAEko Hezkuntza Sailei egokituko zaie Hego Euskal Herrian legearen aplikazioa gauzatzea.

Egoera honen aurrean, legearen aurkako mobilizazioak ugaritu egingo dira datozen egunetan. Hala iragarri zuten Ikasle Abertzaleek, Ikasle Ekintzak eta Gazte Komunistek Leioako campusean eman zuten prentsaurrekoan. Ildo horretan, ostegun honetan egingo duten Borroka Egunaren baitan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera dei egin zuten.

Eragile abertzalearen esanetan, hezkuntza ereduaren «pribatizazio eta merkantilizazio» estrategiari jarraitzen dio Lomceren inposizioak. «Eraso» hau Bolonia prozesuarekin hasi zela nabarmendu zuten prentsa ohar baten bidez eta Lomcerekin jarraipena emango diotela salatu.

PPk eta PSOEk estrategia hau aurrera eramateko erantzukizuna hartua dutela adierazi zuten eta, era berean, testuingurua aprobetxatu eta etekinak atera nahian dabiltzanak «asko» direla gaineratu zuten. «Nafarroan, Lomceren eztabaida Madrilgo arazo huts bezala aurkezten ari da UPN. EAEn, aldiz, `Heziberri 2020' ekimenaren bitartez Lomceri aurre egiteko proposamen zabal eta parte-hartzailea saldu nahi du EAJk», azpimarratu zuten. Gauzak horrela, «ezezkotasunean» oinarrituriko eta «edukirik gabeko» mobilizazioekin «inora iristerik ez» dagoela-eta, «erantzun planoa» gainditu eta «euskal ikasleok nahi dugun hezkuntza eredua eraikitzeko beharra ikusten dugu».

Mobilizazioa Arriagan

Gazte Komunisten Batasunak, bere aldetik, biharko deitu du Borroka Eguna eta Bilboko Arriagan egingo den mobilizazioan parte hartzera deitu zuen ohar bidez. Modu horretan, langile klasearen zerbitzura egongo litzatekeen hezkuntza eredu bat defendatuko dute, Lomce «burgesiak garatutako erasoaren isla» dela adierazi baitzuten. «Lege-zirriborro honekin, krisian dagoen kapitalismoak hezkuntza merkantzia bihurtu nahi du etekin ekonomiko gehiago lortzeko», gaineratu zuen.