IKUSMIRA
IKUSMIRA

Duela 35 urteko asmatzeak eta oraingo harrotzeak

Sortuko presidente Hasier Arraizek herenegun egindako adierazpenen manipulazioa zital eta lotsagarria da, kazetaritzak izan beharko ez lukeenaren erakusgarri ezin hobea. Eta hori bezain lotsagarria, ontzat emanda, Hasier Arraizi kargu hartzea esan ez zituenengatik. Hala egin baitzuten PPk, PSEk eta -Gasteizko Gobernuaren eledun Josu Erkorekak erakutsitako zuhurtziaren alderantzizko bidea hartuta- Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak. Kazetari eta politikari horien arabera, Arraizek esan zuen ezker abertzaleak orain dela 35 urte «demokrazian hiltzea» erabakita asmatu egin zuela. Ez zitzaien bururatu ezker abertzaleak duela 35 urte asmatu egin zuela, esate baterako, autodeterminazio eskubidearen alde eginda, edo -NBEk eskatu bezala- frankismoaren krimenak ikertzeko apustua eginda, torturaren eta gerra zikinaren aurka agertuta... Ezker abertzaleak arbuiatu egin behar omen du bere iragana; frankismoarekin adostutako trantsizioaren alde -zigorgabetasuna, tortura, gerra zikina pakete berean jasota- egin zutenek, berriz, harro agertu, kazetari eta politikari horien arabera. EAJk ezker abertzaleari atzera begirako zuzenketa eskatzen dio, GAL jardun betean zela berak Lakuan PSE bazkide izana eredugarri jartzen duen bitartean. Hain zuzen, gerra zikinak hildako bi militante abertzale omentzeko ekitaldi batean egin zituen Arraizek bere adierazpenak.