Gorka Arbulu Lopez de Lacalle
GUTUNAK

Elkartasuna

2002ko apirilean Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak Batasunaren kontrako auzia abiatu zuen «ETAren enpresa handi bat» zelakoan eta haren mesedetan herriko tabernak kontrolatzen zituelako.

Garai hartan jardun horretan ustezko ardura politikoa zuelakoan, gure lankide Antton Morcillo auzipetu zuten. Orain, bere bizitza 11 urtez baldintzatu duen jazarpen judizialak, oinarririk ez duen epaiketa politiko batez, amaiera larria izan dezake.

Hori dela eta, lehenengo eta behin, Gasteizko AEKko lankideok erabat injustua den egoera honen aurrean gure elkartasuna helarazi nahi diogu Anttoni, bai eta jendaurrean adierazi ere; berari, AEKko kide Idoia Arbelaitzi eta gainontzeko auzipetu guztiei.

Era berean, Auzitegi Nazionalari Antton eta gainerako auzipetuen eskubideak errespeta ditzala eskatzen diogu.

Gainera, gutun honen bidez nabarmendu nahi dugu beste edozeren gainetik Anttonek gurekin euskararen alde egindako lan guztia eta horretan jarraitu ahal izatea espero dugula.

Honengatik guztiagatik, Anttonen Gasteizko AEKko lankideok datorren ostegunean, azaroak 21, «Libre» lelodun kamiseta laranja jantzita emango dugu klasea, eta egiten ari diren epaiketa politikoen kontrako elkartasunezko ekimenetan parte hartzeko deia egiten dugu.