2013/11/20

«Habiak», taula gainetik komiki orrietara salto egin duen lana

Dejabu Panpin Laborategia antzerki taldeak sortutako «Gizona ez da txoria» antzezlanean oinarritutako nobela grafikoa kaleratu du Txalapartak. «Habiak» eta gaztelaniazko bertsioa, «Nidos», Maite Gurrutxaga ilustratzaileak egin du jasotako gidoi batekin.

Nagore BELASTEGI DONOSTIA
P047_f01

Dejabu Panpin Laborategia antzerki taldeak ekoitzitako antzezlan batean oinarritu dira «Habiak» nobela grafikoa (Txalaparta) sortzeko. Bi urteko lana izan da, baina emaitzarekin gustura geratu dira egileak.

Ainara Gurrutxagak eta Urko Redondok euren antzerki konpainiarekin helduentzako antzezlanak eskaintzen dituzte. Orokorrean gai zehatz baten inguruan hitz egiteko beharrari heltzen diote lana prestatzeko, eta Bosnia-Herzegovinara egindako bidaia baten ostean okurritu zitzaien «Covek nije ptica (Gizona ez da txoria» egitea. Atal soil batzuk izatetik antzezlan oso bat izatera pasatu zen 2009an. Bosnia-Herzegovinan gerra amaitu eta gutxira izan ziren eta harritu egin ziren bertan aurkitutakoarekin: «Genozidio baten ondorioak azaletan sentitu genituen. Baina era berean, Euskal Herriko kulturarekin duen antzekotasuna nabaritu genuen eta bertakoen bizipoza», azaldu zuen Ainara Gurrutxaga kideak.

Zenbait komiki irakurriak zituzten eta egun batean aurretik ezagutzen zuten Maite Gurrutxaga ilustratzaileari nobela grafiko bat egiteko proposamena egin zioten. «Nik gidoia eta DVD bat jaso nituen, eta horiekin story board bat egin nuen. Hori izan zen zailena eta politena, komikiaren inguruan asko hitz egin baikenuen», aipatu zuen ilustratzaileak.

Komikiari bultzada

Honela sortu ziren «Habiak» eta gaztelaniazko bertsioa, «Nidos». Azal gogorreko eta osorik koloretan egindako liburu honetan kontatzen den istorioa hunkigarria da: AHTren ondorioz baserritik bota dute Ximon zaharra. Orain pisu batean bizi da eta, gaixo dagoenez, Bosnia-Herzegovinatik datorren Selma izango da bere erizaina. Bi pertsonaiak oso desberdinak dira, baina binetetan aurrera egin ahala konturatuko gara antzekotasun asko dituztela. Euskarazko bertsioan ñabardura gehiago antzematen dira; adibidez, hizkuntzen mugak pixkanaka nola gainditzen dituzten.

Mikel Soto Txalapartako editoreak azpimarratu zuen hasiera batean autoreen autoedizioan kaleratu behar zutela komikia baina berak konbentzitu zituela eta asko pozten dela horregatik. «Komikia indartzen ari den genero bat da eta euskal literaturan ere interes hori piztea nahiko genuke», aitortu zuen. Mota honetako nobela grafikoak garestiak izan ohi dira, baina «Habiak» 18 euroan salduko dute, «merkeago salduz marjina txikiagoa da baina gehiago salduko» dutelako.