Joxe Iriarte, «Bikila»
Gorripideako kidea
GUTUNAK

Harria jaurti eta eskua gorde

Agur betiko, errauskailuaren egitasmo zital horri. Eskerrik beroenak Aldundiari, Zero Zabor eta Errauskailuaren Aurkako plataformei, eta urteetan borroka horretan jo eta ke ibili diren guztiei. Ez baikaude ohituak instituzioen okerreko erabakiei buelta ematera. Eta egungo Aldundiak aurrekoaren gaizki eginak zuzentzea pozteko berria da.

Baina adi. Kasu, errauskailuaren aldekoen (Gipuzkoako EAJ, adibidez, zeren eta nahiz eta jakin Jaurlaritzak zein Bizkaiko beren kideek Gipuzkoako hondakinak Zabalgarbiko errauskailura bideratu nahi dituztela, bere gerra partikularrean tematu da) maniobra maltzurrekin. EAJ, PSOE eta PPren garroak oso zabalak baitira eta alde dute «El Diario Vasco» eta beste zenbait komunikabide. Izan ere, errauskailuaren aldeko fronte hori jo eta ke ari da errepikatzen errauskailua ixteko adostasunak gipuzkoarren diruaren alferreko xahutzea ekarri duela. Lelo horrek gezur handi bat eta egia borobil bat nahasten ditu eta erantzukizunak desitxuratu, eta horrek min egin dezake. Gezur handia da kalte ordaineko zortzi milioi horiek alferreko xahutze bat izan direla, aldi berean errauskailua eraikitzea eta funtzionamenduan tematzea zenbait kostatuko litzaigukeen argitzen ez bada. Beraz, kitatze operazio horrek aurrera begira aurreztea dakar.

Hala ere, ezin uka xahutze bat izan zela EAJ-PSE eta PPk, ohiko jardueraren aurka, funtzioetan zegoen Aldundia eskuz aldatzeko bezperan errauskailua finantzatzeko presaka eta korrika sinatu akordio zital hura egin zutenean, hain zuzen. Harrezkeroztik, gipuzkoarrok zorpetzearen Damoklesen ezpata izan dugu buru gainean (maileguetan ordaindu dena eta oraindik ordaindu beharko dena izugarrizko xahuketa da). Alderdi horiek prebarikazioagatik epaituak egon beharko lirateke.

Beraz, Aldundiak ahaleginak eta bi egin beharko lituzke gipuzkoar guztiek jakin dezaten operazio horretan xahutu den dirua zenbatekoa den eta zeinen errua izan den. Adibidez, aurreko Aldundiak finantza erakundeekin sinatu zuen akordioa eta zein baldintzetan egin zuen plazaratuz.