Nagore BELASTEGI PASAIA

«Hodei baten bidaia», Euskal Herriko aniztasuna eta errespetua sustatzeko disko-liburua

Euskal Herriko gizartea anitza dela onarturik, denak euskal herritar gisa aitortzea du xede 50 pertsonaren artean egindako lan honek. Gipuzkoako ikastetxeetan zehar banatuko dute eta ikuskizun bat jarriko dute martxan.

Gipuzkoako Aldundiko Migrazio eta Aniztasun Zuzendaritzak aniztasunari buruzko gogoeta bat egin du kaleratu berri duen «Hodei baten bila» disko-liburuan. Familia osoari zuzenduriko lana da honakoa; alde batetik, liburua 7 eta 11 urte arteko haurrentzat aproposa da eta, bestetik, diskoa adin guztietarako egin dute.

Pasaiako Karmengo Ama ikastetxean egin zuten argitalpenaren aurkezpen berezia. Eider Zenarrutzabeitiak eta Aitor Gorostizak idatzitako eta Aritz Garciak ilustratutako liburua Naroa neskatoaren inguruko istorioa da, bere hodeia kanta ederrez elikatu nahi duena. Kantarik ez dakienez, abentura bila hasten da eta pertsonaia oso ezberdinak aurkitzen ditu bidean.

Pertsonaia horiekin harremana dute diskoko 9 kantek. Guztira 50 pertsonak hartu dute parte proiektu kolektibo honetan; etnia eta kultura desberdinetako euskal herritarrak. Esaterako, Doctor Deseoko Francis, Asier Gozategi, Sirokako Maria Rivero, Oskorriko Natxo de Felipe, Amaiurko Naroa, Esne Beltzako Xabi Solano eta Zigor DZ, MAK, Kodigo Norte eta 121 Crew Hip Hio taldeetako abeslariak eta Juravca emakumeen abesbatzako kideek hartu dute parte. Aldundiak, gainera, Haladzipo musika eskolaren laguntza izan du.

Aurkezpenean haur eskolako umeak ere izan ziren, Puski eta Txurruski pailazoek ikuskizun bat eskaini baitzuten beraientzat. Adi-adi egon ziren esateko zutena entzuten. Izan ere, horiek ere aniztasunaren balioa nabarmendu zuten. Sentsibilizazio kanpainaren barnean, disko-liburuaren mila ale Gipuzkoako ikastetxe, berritzegune, haur txoko eta liburutegietan zehar banatzeaz gain, ikuskizun bat jarriko dute martxan eskoletan. Zentroak berak eskatu beharko du txanda eta Aldundiak kudeatuko du emanaldia.

Kultura berri bat

Aniztasunaren inguruan sentsibilizatzeko eta pertsona guztiak errespetarazteko kanpaina honek familiekin lan egitea du xede, Marcos Nanclares Migrazio eta Aniztasun zuzendariaren esanetan. «Euskal Herria herri anitza da, eta aniztasun hori balio bezala ulertzen dugu Aldundian. Hori modu erakargarrian erakutsi nahi dugu disko-liburuan. Pertsona guztiak barnebiltzen dituen kultura berria sortu nahi dugu; edozein dela gure jaioterria, jatorrizko kultura, denok gara euskal herritarrak», aipatu zuen.

Ideia Batzar Nagusietan otu zitzaien eta laster jarri zuten martxan musikariekin harremanetan jartzen. Adibidez, Gozategiko Asierrek «Gure artean bada zerbait berezia» kantuan parte hartzen du: «Ijito batzuekin aritu ginen gu, eta leloa egin behar izan genuen. Oso mezu positiboa dauka eta lortutakoarekin oso pozik gaude».

Disko-liburuaren aurkezpen publikoa egiteko, Donostiako Dokan kontzertua eskaini zuten zenbait partaidek.