Jon ORMAZABAL
Lau eta Erdiko Txapelketa

Apustua errenta izan daitekeenekoa

Urte oso txar eta gogor baten ostean, kaiolako txapelketa inoiz baino lehenago prestatzen hasi zen Ekaitz Saralegi, abuztuan, eta sekula baino gorago heldu da.

«Jokoa ez da errenta». Zaila izaten da horren errotua dagoen esaera bati kontra egitea baina, emaitzak ikusita, esan daiteke Ekaitz Saralegik halakorik egiterik lortu duela, abuztua amaieran egindako apustuak inoizko emaitzarik onenak ekarri baitizkio aurtengo kaiolakoan.

Urtea oso txarra ari zen izaten 34 urteko aurrelari gipuzkoarrarentzat. Binakako txapelketa nagusitik kanpo, partida bat jokatze hutsa sari bat bezalakoa zen amezketarrarentzat, izan ere, urtarriletik maiatzera, bost hilabeteetan, lau partida baino ez zituen jokatu, asteak eta asteak eman zituen entrenatu eta entrenatu, partidarik jokatu ezinda, zuriz janzteko aukerarik apenas izan gabe.

Udaren etorrerak ere ez zituen bere penak arindu, izan ere, uztailean ezker oineko hatz lodia apurtu zuen eta pilotarientzat oparoena izaten den urteko sasoia, nahikoa antzua izan zen Saralegirentzat.

Kantxetara itzuli eta emaitzak ere ez zituen lagun izan gipuzkoarrak eta hori dena gutxi ez balitz bezala, datorren otsailean amaitzen zaion kontratuaren mamuak are eta presio gehiago ezarri zion pilotariari.

Erabaki egokia

Pilota barru-barruan darama, ordea, Ekaitz Saralegik, sei urte zituenetik beti izan du amets pilotaria izatea eta ez zegoen amore emateko prest. Erabaki bat hartu beharra zegoen eta, irailean jaialdiren bat gehiago lortzeko balio ziezaioketen emaitzak apur bat alboratu eta kaiolan jarri zituen bere fitxa guztiak.

Prestatzaile fisiko duen Etor Mendiarekin adostu eta abuztu amaieran, sekula baino askoz lehenago, ekin zion beretzat urteko zitarik garrantzitsuena den Lau eta Erdikoa prestatzeari. Apustua egin beharra zegoen eta, emaitzak sekula bermatuta ez dauden arren, oraingo honetan bete-betean asmatu zuela esan dezakegu.

Zenbakiek, behintzat, hala diote. 34 urterekin, inoiz baino biziago irten zaio pilota eskuetatik eta urte bakarrean, bere ibilbide osoan baino garaipen gehiago eskuratu ditu jada. Beti moldatu izan da ondo kaiolan, baina 2005ean Patxi Eugiren aurka lehen partida jokatu zuenetik, hiru garaipen baino ez zituen bere palmaresean, 2009an Xala kanporatu zuenekoa, 2011n Idoate eta iaz Albisu.

Aurten, ordea, Urrutikoetxea eta Titin kanpoan utzita, final-laurdenetako ligaxkara heldu da estreinakoz eta beste apustu arriskutsu batek sekulako emaitzak eman dizkio. Oinatz Bengoetxea beste maila batean dagoela onartuta, Arretxe eta Idoateren aurkako partidetan jarri zituen esperantza guztiak eta berriz ere bete-betean asmatu du. Txapeldunaren aurka hordagoa jotzeko moduan ote?