Maider IANTZI

Ausart ez, baizik eta libre sentitu nahi dutela aldarrikatu dute feministek

Aske sentitu nahi dutela oihukatuko du azaroaren 25ean Euskal Herriko Koordinadora Feministak. Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Emakume Taldeek, aldiz, «Arraunean indarkeria sexistaren aurka» izanen dute lelo bihar, Portugalete eta Barakaldo arteko martxan.

Euskal Herriko Koordinadora Feministak Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunerako prestatu dituen agiriak eta mobilizazioak aurkeztu zituen atzo Donostian. Ana Txurruka eta Joana Aurrekoetxea bozeramaileek azaldu zutenez, koordinadora osatzen duten taldeak desberdinak izan arren, argi dute indarkeria matxistaren kontrako borrokak batzen dituela.

«Je ne veux pas me sentir courageuse, quiero sentirme libre, feminismoak aske egiten gaitu» idatzi dute aurtengo lema, askatasunaz mintzatu nahi dutelako, edo hobeki erranda, askatasun faltaz. «Emakumeok historikoki ausartak izan gara eta jarraitzen dugu izaten indarkeriaren aurrean, baina askeak izan nahi dugu», aldarrikatu zuten Donostiako Emakumeen Etxean bildu ziren hainbat toki eta taldetako ordezkariek.

«Gaur hemen batu garenok nazka-nazka eginak gaude ausart sentitzeagatik... Libre sentitu nahi dugu!», oihukatu zuten. Libre jipoi baten ondoren bikotekidea salatzea erabakitzean, libre ezetz erratean, libre sexualki jazarpena egiten duen nagusiari aurre egitea erabakitzean, libre parrandan atera ondoren etxera bakarrik itzultzean, libre haurdunaldia borondatez etetea erabakitzean... Agertu zutenez, aske sentitu nahi dute euren gorputzekin eta bizitzekin zer egin erabakitzeko. Honako deialdiak egin zituzten astelehenerako: Donostian, 19.00etan Bulebarren; Bilbon, 19.30ean Arriagan; Iruñean, 20.00etan Gazteluko plazan; eta Baionan, 18.00etan Herriko Etxe aitzinean.

Egoera nola irauli

Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Emakume Taldeek ere atzo aurkeztu zuten A-25aren inguruko kanpaina. Oroitu zutenez, 2013an gaurdaino lau emakume hil dituzte indarkeria sexistaren ondorioz. Bizkaian, 2012an 2.282 emakumek tratu txarrak jaso zituztela jakinarazi zuten. Halere, ohartarazi zutenez, oraindik ere erasoen %30 soilik salatzen da. Sexu askatasunaren kontrako delituak, bestalde, larriki zabaltzeaz gain, 30 urte baino gutxiagoko emakumeei eragiten diete.

Egoera iraultzeko, hezkidetzari eta komunikabideetatik sexismoa kanporatzeari lehentasuna eman behar zaiela deritzote emakume taldeek, baita lan eremu parekideari ere. Maitasun harreman eredua ere aldatu behar dela ere defendatu zuten, aske eta pareko izateko.

Bihar, Portugalete eta Barakaldo lotuko dituen 14. Emakumeen Ibilaldira gonbidatuz bukatu zuten agerraldia: 11.30ean abiatuko dira Gorbea Mendi enparantzatik.