IKUSMIRA
IKUSMIRA

Urte asko igarota, zenbait militar britainiarrek jende guztiak aspaldi zekiena aitortu dute

Ez dira ohikoak Britainia Handiko MRF unitate klandestinoko zenbait soldaduk egindakoa bezalako aitorpenak. Armarik gabeko hainbat zibil iparrirlandar hil omen zituzten. Urte asko igarota, hartara, militar horiek mundu guztiak aspaldi zekiena aitortu zuten. Urte asko igarota ere aitortu zuen David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak, ikerketa baten ondoren, Bloody Sunday (Igande Odoltsua) delakoan hildako manifestariek ez zutela armarik aldean, eta soldaduek, inongo arriskurik izan gabe, haien kontra tiro egin zutela; areago, Gobernua Indar Armatuen erantzule nagusia denez, bere Gobernuaren atsekabea agertu zuen Cameronek 2010ean, 1972an gertatutako sarraskiaren gainean. Ordu arte, ordea, gobernuek eta epaileek militarren erantzukizuna behin eta berriz ukatu zuten.

Egia jakitea biktimei zor zaien gutxieneko betebeharra izanik, John Larkin Ipar Irlandako fiskal nagusiaren proposamena, Ostiral Santuko Akordioen aurreko hilketak ez ikertzea, alegia, MRFko militarrek aitortu zutenaren antzeko izugarrikeriak ahanzturaren zulora botatzeko saioa da. Ulergarria da, beraz, zigorgabetasunaren aldeko proposamen horrek hautsak harrotu izana.