2013/11/23

Imanol Urbieta, libre bai baina sekula ez bidean bakarrik

Imanol Urbietaren kantuen bertsioekin osatu dute «Bakarrik eta libre» diskoa Zarauzko Udalak, Elkarrek eta Mikel Kazalisek. Eñaut Elorrieta, Petti, Split 77 eta Aiora Renteria, Joseba Irazoki, Pariak Bai, Su Ta Gar, Anari, Fermin Muguruza, Mursego, Matxura, Lou Topet, Audience eta Makala dira bere abestiekin hazi eta orain «hamalau omenaldi txiki» eskaini dizkioten musikariak. Andoni Egaña eta Pirritx eta Porrotxen «Manolo» kantuak ixten du diskoa.

Ane ARRUTI DONOSTIA
P043_f01

«Zenbat abesti egin dizkigun maitasunez ta ezti. Orain itzuli nahi genioke maitasuna abesti», kantatzen dio Andoni Egañak, Pirritx eta Porrotxekin batera, Manolo Urbietari. Horixe bera pentsatu zuten Zarauzko Udalean, Imanol Urbietak merezi zuela omenaldi bat, berak emandakoa nolabait aitortu eta eskertu behar zaiola. 90eko hamarkadan Mikel Laboaren bertsioekin egindako «Txerokee» buruan zutela, horrelako zerbait egin litekeela pentsatu zuten.

Guztia koordinatzeko proposamena Mikel Kazalis musikari zarauztarrari luzatu zioten urte hasieran eta honek «harriduraz» eta «ardura handiaz» jaso bazuen ere, erronkari heldu zion. «Gauza potolo bat zela iruditzen zitzaidan baina aldi berean ohore bat», esan zuen Kazalisek. Grabaketa gehienak -hiru kantu izan ezik- bere Zarauzko Fidelenea estudioan grabatu dira, bere gidaritzapean.

Elur bola hazi eta hazi joan da, hamalau kantuko diskoa osatzeraino. «Azken ginda ikaragarria» Jose Luis Zumetak jarri du, «Txerokee» hartan bezala, «Bakarrik eta libre» disko honetarako azala eginez. Datorren asteartean Zarautzen aurkeztuko dute diskoa, Modelo aretoan (19.00). Bertan emango diote eskura Imanol Urbietari -dagoeneko entzun eta «asimilatzen» ari den arren, gustura omen dago, «emozio handia» eragin dio- eta grabaketako bideoak eta zuzenekoren bat ere iragarri dituzte.

Bakoitzak bere eginez

«Hamalau omenaldi txikik» osatzen dute diskoa: hamahiru bertsiok eta jadanik grabatuta zegoen «Manolo» kantuak. Haurrentzako diskoa den? Emaitza ezagututa, haurrentzako ere bai, diote bertan parte hartu dutenek, baina ez bereziki. «Hori da eduki dugun zalantza hasieratik», esan zuen Kazalisek. «Gehiago da abesti hauek entzuten hezi garen haur horiek nola berrikusten ditugun gaur egun, gure filtrotik pasata. Egia da haurrek ere agian atsegin izango dutela, baina ez da ohiko haur musika kontzeptu hori. Nik uste gure belaunaldikoek entzungo dutela gusturen». Hala ere, hiru belaunalditara iristen dela azpimarratu zuen Gari Berasaluzek, Zarauzko Kultura zinegotziak.

«Taldeek asmatu dute kantua hartu eta beraien esparrura eramaten», esan zuen Elkarreko Josebe Ormazurik. «Ez genekien bakoitzak nolako bertsioa egingo zuen -gaineratu zuen Kazalisek-. Horren beldur ere banintzen baina harrigarria izan da bakoitzak ze bertsio egin duen eta ze ondo jakin duen eramaten abestia bere estilora». Eta egia da, disko honetako edozein kantu ongi geldituko litzateke moldaketa egin dutenen edozein diskotan.

Eñaut Elorrietak zabaltzen du diskoa, «Bakarrik eta libre» kantuarekin. Pianoan Txus Aranburu duela, bertsio intimoa egin du, programazioekin lagunduta, bukaeran gitarra elektrikoarekin lehertzen dena. «Uztaiak gora (Ran Roberran)» kantu ezagunaren moldaketa Pettik egin du, gitarra soilaz, Andoni Zubiagarekin onddoen inguruan elkarrizketan.

Split 77-rena da «Txiki, txiki, txikia», Aiora Renteriaren kolaborazioarekin, aurrez Tio Pete estudioetan grabatua. Dantzagarria, behetik gora doana pixkanaka-pixkanaka. Joseba Irazokik, berriz, «Astoa ikusi nuen» dakar, bere ohiko eromenarekin, gitarrarekin, ahoko soinuarekin... baterian Felix Buff lagun duela, bukaera indartsuarekin hau ere.

Pariak Bai-ek «Behin betiko» ereserkiaren moldaketa egin dute, country kutsuarekin erritmo bizia emanaz kantu ezagunari. Amerikar paraje haietara garamatza Mursegoren «Mac Mikel»-ek ere. Kantuaren hasieran haizeak bultzatutako belar idor bolak ere ikus daitezke, Far Westeko zaldi pertsekuzio batean murgiltzeko gero. «Jon Braun» indio txikia ere inguru hartakoa izango zen, baino oso bestelako giroa egin dio Makalak, Antxon Sarasuarekin batera, ia kantu osoa instrumental eta dantzagarri eginez. «Haizearen herrira» abestiaren hasiera jostariak despistatu badezake ere, segundo gutxitan gitarra heavy-ekin bere egiten du Su Ta Garrek ere. Anarik, berriz, «Gitarra bat» kantua aukeratu du eta Ninginingien laguntza izan du koroetan -musikari lagun guztien seme-alabak «ningi ningi nin» kantatuz-. Urbietak Josu Txapartegirekin batera sortu zuen «Kalera kalera» moldatu dute Fermin Muguruzak, Xabi Solanok eta DZak.

«Kalaberak» kantuari sekulako iraulia eman dio Matxurak, gitarra gogor eta programazioekin, Fer Apoaren ahotsa haurrenekin lagunduz. Lou Topetek «Txoria nintzela» hautatu du, lasai hasi eta erritmo aldaketarekin gora egiten duena. Eta Audiencek «18 serore» erritmo kubatar eta sintetizadoreekin jolastuz osatu du.

OMENALDIA. Zarautzen asteartean egingo diote omenaldia Imanol Urbietari. Modelo aretoan izango da, 19.00etan. Bideoak proiektatuko dituzte eta zuzenekoren bat ere egongo da. Bertan izango da Imanol Urbieta bera ere.