Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Esne beltzean paratu

Aitor dut, anonimoa banaiz ere. Goizean goiz tabernan izaten naiz. Esku batean kafea, prentsa bestean. Eta hor ibiltzen naiz, aurrera papera atzera papera, periodikoa leituz ilustratzen gara! GARA. Ez naiz ba hasi kafea ere GARAko txartel berriarekin ordaintzen! Tira, ez dakit txapelketaren eraginez ote den, baina gero eta gehiago egiten dut, egunkaria atzekoz aurrera begiratzea, eguralditik hasita. Badakizu, zenbat buru hainbat euritako! Bai, gaur bazterretakoak interesatzen zaizkit gehiago zentroko albisteak baino, hauei garrantzia kendu gabe, jakina! Pentsatu egiten dut egunkaria azaletik abiatuta begiratzean albiste nagusiek baldintzatu egiten didatela geroko orriek ekarria, eskeletara heldu arte, sikiera. Noiz izango bazterrik gabeko orriez egindako paperezko periodikorik! orduan albiste guztiak izango dira zentrokoak, berriak eta zaharrak.

Eta horretan nagoela, hara! Barruko arropa kanpoko bakarra dutela langile batzuk protestan, aurrean Kutxabankeko egoitza nagusi bat dutela. Kolpea! Teklatuan idazten nagoela Kutxabank idatzi eta segituan ageri zait marra gorria azpian, hiztegiak hori ezezagun duen seinale. Kosta egin zait konbentzitzea hitza bereganatzeko, hain arrotza hartu duen! Harira, demonio! Kutxa baino askoz gehiago Bank den horri kontu eske ari ziren langileak. Kontu eske! Baina esne kontuak ere ikusi ditut bazterrotan. Euskal lurraldeetako mendebaldeenean, muturreko Karrantza esate aldera, abeltzainak haserre, esne produktuak lantzeko zuten lantegia azkenekotan omen baita, izen handiko enpresa batek hura ez izateko bidean utzita. Izena eta izana, ostera ere. Kolpea gero! Abeltzain batzuek euskarazko esnea ezin Euskal Herrian bertan ontziratu eta esnea ontziratu dezakeen euskal lantegi hori eskela bidean! Esne beltzean paratzen nau horrek! Gero, globalizazioari buruzko ikastaro batera zoazenean ganben adibidea ipintzen dizute, erokeriaren adibide. Nonbait, Irlandako uretan hartutako ganbak Txinako lurretara eramaten dituzte zuritzeko, eta behin horrela Irlandara bueltako bidean hor ontziratuak izateko, seguruenik gero Txinako zer horietan salgai jartzeko. Merkatu librea diote! Lokaletik abiatuta ere bada adibide argirik. Merkatu madari- katua! Azoka da bidea!... ostia! Hoztu zait kafea, esnea oraindik bero bada ere!