Jon Garmendia

Gaur

Hazi nahi ez zuten haur ttipi batzuk baino ez ginen. Eta orduan, denbora gure laguna zen. Orduan bizi ginen ordulariari begiratu gabe. Komikietako marrazkiak irakurtzen genituen, ez letrak. Fantasiak ez zuen mugarik, eta txoriek hegan egiten zuten, hego beltzez eta grisez, handitutakoan zer lanbide ukanen genuen irudikatzen genuen artean. Arkupeetako pilota soinuaren oihartzunak belarriak astintzen zizkigun. Begiak zabalik geneuzkan, tentazio adina jolas bihurtzen zelako ikusten genuen oro, are gehiago ukitu ahal genuen hura. Ez genuen Mark Knopfler ezagutzen, guk Dire Straits entzuten genuen, eta musika talde famatu hark gure herriko plazan jotzen zuen. Festetan. Tarteka, liburu eder bat heltzen zen gure eskura, eta errealitatean oinarritutako kontakizun bat zela erraten ziguten mundu honetan guk baino denbora gehiago zeramatenek, eta jakinduria haiena zenez, liburuaren azalari begiratzen genion soilik, baina nobela bat zer zen erakutsi ziguten horrela; eleberriak gero etorri ziren, hitz guztiak zaharregi bilakatu zitzaizkigunean. Zurrumurruen ehiztariak ginen, nehori erran ezin zaizkion pasadizoak gurekin batera azal zimurtzen joan ziren. Iritsi ziren egunkariak gure begi aitzinera, eta hatzak belzten zizkiguten orrialdeekin aspertu ginen, «periodikuan» ez baikenuen irrigarria zen gauzarik topatzen; gauza, bai, hala da, ezer erran ez eta dena errateko balio duen gauza bakarra. Antzokiko pantaila erraldoian maitaleek elkarri emandako musuen zaporea irudikatzen genuen, protagonista gu ginela pentsatuta. Eta gure nortasunaren hutsunea diskotekan betetzen genuen, desiratutako pertsonarengandik urrun, metro bakarrean kilometroak zeudelarik. Oroitzen hasteko lauso eta nahasiegia den oroitzapena baino ez zen oraina. Orduan. Oihuka deitzen gintuzten mahai ingurura, eta gu non ote geunden, hori da galdera. Eta gaur, bide hori guztia alderantziz egiten ari gara.