Josebe Egia
ZIRIKAZAN

Immuneak garelakoan

Beste gauza askorekin gertatzen den bezala, zuri ez zaizula gertatuko uste izaten duzu. Beste gaitz ugariri dagokionez bezala, bikote harremanaren barneko indarkeria urruneko zorigaitz bat iruditzen zaizu; badakizu jendartean dagoela, egunero izaten duzu haren berri egunkarietan, telebistan, baina zeurea ez beste errealitate gordin bat dela sentitzen duzu. Urruneko pertsonek jasaten dutena, burutik jota daudenek lehenbizikoa eta ahul edo beldurtiek bigarrena. Zu zeu ez zinatekeelako besoak gurutzatuta geratuko jazoko balitzaizu; zuk jakingo zenukeelako nora jo, zer egin, zoritxarrekoren batek eskua altxatuko balizu, adibidez.

Eta, hala ere, agian denbora asko emango zenuke gertatzen ari zaizunari izena jartzen. Eta, ondoren, denbora gehiago onartzen. Eta, behin jabetuta, ekintzara pasatzen. Ustez maite zaituenaren- gandik tratu txarra jasotzen ari zarela, pertsona hori mina eta sufrimendua baino ez zaizula eragiten ari onartzea, funtsezko lehen pauso hori ematea, ez baita batere erraza. Zeure burua engainatzeari utzi eta errealitate gordin, itsusi eta jasangaitza den bezalakoa ikusten duzunean, mundua erortzen zaizulako gainera. Eta horrek nekatuta, frustrazioak jota eta ikaratuta harrapatzen zaitu, pertsona eta emakume gisa txikituta.

Beraz, gaitz honen inguruan informazio zabala badugu ere, jendartean etxeko lau pareten artean ezkutatzeari utzita mahai gainean badago ere, nola antzeman, zer egin, nora jo, nola jokatu argi samar eduki arren, nork bere kabuz konpondu beharreko arazotzat jotzen dugu oraindik, duen larritasuna, duen garrantzia, eta arriskua, gutxiesteko joerari eutsi ezinik. Zeurea ez dela sekula hor zehar entzuten diren istorioen mailara iritsiko ziur, zeurea bestelako gauza bat dela sinetsi nahian. Tamalez, besteak beste, maitasunaren kontzeptu desitxuratua delako nagusi jendarte honetan, eta bide horretan guztiz nahaspilatzen direlako printzipioz argi edukiko zenituzkeenak. Baita jasango ez zenituzkeenak ere.

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako borrokan, kezka bat eta oso zehatza nabarmentzen ari da batik bat: gazteak. Garai bateko ustea, gizonen indarkeria, dominazioa eta kontrola emazteenganako, eta hauen otzantasuna, aurreko belaunaldiko kontua zela eta egungo gazteek gaindituta dutela matxismoa, berdintasunean haziak eta heziak izaten ari diren neurrian, erorita dago erabat. Ez dezagun uste berdintasuna irabazia dugunik, diskurtsoaz harago; izan dezagun argi praktikan antzinako rolak eta jokabideak errepikatzen ari direla: kontrola, jeloskortasuna edo norberaren denbora osoaren eskaintza maitasun frogatzat jotzen dituzte gaztetxoek; harreman asaldatuak benetako pasioaren adierazgarritzat; eta maitasunean «denak balio du» guztiz normaltzat. Genero indarkeria, berriz, helduen arazotzat, emakume helduen zoritxartzat, zehazki.

Hori dugu errealitatea, haziak hor dirauela, filosofia horretan. Maitasunaren ideia desitxuratu eta osasungaitzean: emakumea, konkistatu beharreko lurralde; gizona, konkistatzaile. Eta hori zer bilaka daitekeen, urruneko beste batzuen errealitate.