Aimar ETXEBERRIA DONOSTIA

EAJk kutxen gizarte ekintza likidatzeko asmoa duela dio EH Bilduk, «Inbiomed kasu»

Kutxabank pribatizatu eta gizarte ekintzako bere jarduna desagerrarazteko interesak daudela ohartarazi zuen atzo EH Bilduk, eta EAJri egotzi zion egoeraren ardura. Onkologikoa eta Inbiomed jarri zituen adibide.

Kutxako administrazio kontseiluko eta gizarte ekintzako EH Bilduko kideek agerraldia egin zuten atzo Donostian, Kutxabanken integrazio prozesua bideratu zenetik bi urte igaro diren honetan, balorazio moduko bat egiteko. «Ordutik hona gauza bat oso argi geratu da: Kutxabank pribatizatzeko eta gizarte ekintza arloko bere jarduna desagertzeko interesak daude. Urte hasieran iragarri genuenaren haritik, hori gauzatzen ari dela argi geratzen ari da». Ainhoa Beolaren esaldi honek ederki laburbiltzen du prentsaurrekoaren edukia.

Xabier Iturbe eta Carlos Ruiz Kutxako eta gizarte ekintzako arduradun nagusiak hartu zituzten jomugan eta EAJren aginduak betetzea egotzi zien Beolak. «Azkar baino azkarrago ari dira gizarte ekintza desagerrarazten», salatu zuen. Onkologikoa eta Inbiomed jarri zituen bere baieztapenaren froga gisa. «Hori nahikoa ez, eta beti babestu izan dituzten kultura, kirol eta jaien esparruetako hainbat ekimen laguntzarik gabe utzi dituzte», gaineratu zuen. Esandakoak datu objektiboetan oinarritzen direla nabarmendu zuen koalizioko kideak.

BBK-k, Kutxa-k eta Vitalek bat egitea adostu zutenean alde guztiek obra soziala errespetatzeko konpromisoa hartu zutela azaldu zuen, baina egun EAJ ez dela konpromiso hori betetzen ari salatu zuen. «Kutxaren gizarte ekintzako lanaren hiru zutabe nagusiak desagertzen ari dira: izenpetutako konpromisoak bete ez, eta Gipuzkoako sare soziokulturalarekin zeukan harreman guztia apurtzen ari da, ikerkuntza eta garapenarekin lotuta lehentasunezko proiektuak zirenak zalantzan jartzen ari direlako eta gizarte ekintzako funtsezko proiektuak hilzorian dituztelako, Inbiomed esaterako», adierazi zuen.

Gainera, herritarren interesez gaindi, izaera ekonomiko eta espekulatzailea oinarri duten interesen arabera jokatzen ari dela ere aurpegiratu zion EAJri, honek Sareb «banku txarrean» mila milioi euro jarri dituela azalduz. Horregatik guztiagatik, Nafarroan CANekin gertatu zen bezala, berandu baino lehen Euskal Herria aurrezki kutxarik gabe gera daitekeela salatu zuen Beolak.

Kutxa «publikoa eta soziala»

Egoera honen aurrean «nahikoa da» esateko ordua iritsi dela aldarrikatu zuen, eta kutxen eta berau sostengatzen duen gizarte ekintza mantentzearen alde urratsak egin behar direla esan zuen. Hala, Kutxabank banku «publiko eta soziala» bihurtzea derrigorrezkotzat jo zuen koalizioko kideak, «egoera txarrean dauden enpresen finantziazioa lehenetsiko duena, premia duten herritarrei lagunduko diena eta minbizia bezalako alor garrantzitsuetan ikerkuntza eta berrikuntza bermatuko duena». Kutxabank izaera hori izango lukeen banku publikoa bihurtzea «posible den kimera» dela gaineratu zuen, eta horretarako behar den gauza bakarra borondate politikoa dela nabarmendu. «EH Bilduk borondate horri eusten dio eta horretara jarri nahi ditugu gainontzeko alderdiak ere», adierazi zuen.

Ildo horretan, bere garaian hartutako konpromiso guztiak bete ditzala exijituko diote gaur EAJri, Kutxako Fundazioaren batzar nagusia izango dela aprobetxatuz.