GARA DONOSTIA

Euskarazko publizitateari eta minbiziari buruzko lanak saritu dituzte Txiotesian

Joan den astean UEUren Unibertsitatea.net atariak egin zuen #Txiotesia lehiaketako garaileak ezagutarazi zituzten atzo: lehen saria Estitxu Garairentzat izan da, euskarazko publizitatearen inguruko tesia era ulergarrian laburtzeagatik; bigarrena, Itxaro Perezentzat, heste lodiko minbiziaren gaineko lana modu originalenean adierazteagatik.

Sariak banatzeko ez ezik, Twitterreko txapelketan parte hartu zutenek elkar ezagutzeko balio izan zuen ekitaldian, #Txiotesiak «aurreikuspen guztiak gainditu» dituela baieztatu zuen Iñaki Alegria UEUko Zuzendaritzako kideak. «Unibertsitatea.net ataria azken urteetan gazte ikerlariak ezagutzera ematen ari da, eta lehiaketa antolatzea modu ludikoan eta berritzailean helburu hau lortzeko bide interesgarria zela pentsatu genuen, sare sozial honen indarra eta zientziaren dibulgaziorako Internetek duen baliogarritasuna erabiliz», azaldu zuen Donostiako Koldo Mitxelenan bildutakoen aitzinean.

Komunitate eder bat

86 ikertzailek laburtu dute bere tesia sei txiotan, jakintza eta unibertsitate ugaritakoek. Alegriaren esanetan, guztiek frogatu dute zientzia sortu, dibulgatu eta komunikatzeko komunitate gazte eta bizia badagoela. UEUk komunitate zientifiko euskaldun hori indartu eta biltzeko lanean jarraituko duela hitz eman zuen, parte-hartzaile guztiak zoriontzearekin batera.

Hauen maila «oso altua» izan dela nabarmendu zuen Lore Erriondok epaimahaikideen izenean. «Tesiak egiten ari den euskarazko komunitate eder bat» dagoela ikusi ahal izan dute.