A. ARRUTI DONOSTIA

Esne Beltzaren esentzia galdu gabe, soinu berrien bila

Esne Beltzak badu bosgarrena. 2010ean kaleratutako «Noa» hirugarrenak bidaiaren norabidea markatzen bazuen, orain, bosgarren diskoarekin, argi dute nora doazen, «Gora!». Aldarrikapenen diskoa da, soinu aldetik «berritzailea» eta kolaboratzailez josia. Guztiari aterpe emateko, zigilu berria dute, 5Gora. Diskoa Durangoko Azokan izango da salgai.

«Welcome»-ekin hasi eta azken Korrikarako egindako «Bagoaz!» kantuarekin buka, bidaia bat proposatzen du Esne Beltzaren bosgarren diskoak. Munduan barreneko bidaia, bai hitzen aldetik, bai kolaboratzaileenetik, bai musikari dagokionean ere; «Gora!», diote, «gu gurera». Taldekide gehienek hartu dute parte Fermin Muguruzarekin egindako «No more tour» biran, eta, hala, izandako ordu libreetan sortu dira kantu asko: furgonetan, hoteletako logeletan, aireportuetan... «Ekoizpen aldetik gehien landu dugun diskoa da. Estudiora askoz preparatuago joan gara», azaldu zuen Zigor Lampre DZak. Peio Gorrotxategi taldekidearen Ereñozuko Aieka estudioan eta Bardozeko Paxkal Etxeparerenean egin dute grabaketa eta Jean Pierre Chalbosek egin du masterizazioa Parisen.

Hamazazpi kantu dira, gehienak Xabi Solanok konposatutakoak, baina oraingoan DZ eta Jon Elizalde Jontron ere animatu dira. Soinu aldetik, berritzailea dela diote. «Lan asko egin dugu soinu hori bilatzen. Bateria base elektroniko batekin ondo uztartzea, edo baxu elektroniko batekin ondo uztartzea, orain arte ez nuen sekula egin, baina disko honetan baxu elektroniko dezente daude. Azkenean soinu baten bila joan gara eta nik uste nabari dela, soinu berritzaile bat dela», esan zuen Solanok.

Hitzak, ohi bezala, Jon Garmendia Txuriya idazleak egin ditu. «Esne Beltzak gure herriak bizi dituen zapalkuntza askoren izpi batzuk agertzen ditu bere kantu askotan. Itxaropenari ateak ireki eta borrokaren sentimenduak piztu nahian-edo, maitasunez, maitasuna bera borroka bat delako», azaldu zion GARAri. Bada herri harresiari eskainitako «Harresiko kunbia», Malena D'Alessio, Xabi Azkarate eta Finok parte hartu dutena; askatasunaren inguruan egindako «Bakardadean»; gerren bitartez herriak kokatzen ikasi dugula gogoratzen duen «Bonba hotsez»; edo Solanok bere arreba Kristiñerekin batera alzheimerra sufritzen duen izebari eskainitako «Ahantzi» fandangoa.

Kolaborazioen artean aipatzekoa da Mala Rodriguezekin egindakoa. Andaluziarrarekin «Bruja» bere azken diskoko «Quien manda» singlearen bertsioa egin dute, besteak beste, hiru Grammy saritarako izendapena jaso zuena eta musika urbanoko diskorik onenaren kategorian gailendu zena. Bertsio horretan, Fermin Muguruzak ere parte hartu du.

Kantu bakarrean izan ezik, beste guztietan daude kolaborazioak, ahotsetan eta instrumentuetan. Little Pepe reggae kantaria ageri da «Lokarriak» aurrerapen kantuan -Edu Gonzalezek egindako bideoklipa sarean dago ikusgai-; La Pegatinako Adria Salasek eta D'Callaoseko La Canija abeslariak kantatzen dute «Lucharemos» eta «Itxarongelan» kantuetan. The Aggroliteseko Jeff Roffredok, Ras Daniel Rayk, Dayan Silvak, Irie Revolteseko kideek, Richard D´Altonek... ere hartu dute parte. Alos Quartet ere izan da bi kantutan, tartean Etxeberritxori eskainitako «Malko bakoitzeko» kantuari zelta ukitua emanez. Hori da diskoan errekuperatu den kantuetako bat. Korrikakoa eta «Zapato azule» ere sartu dituzte, azken hori nahasketa berri batekin.

Bestalde, 5Gora zigilu berria ere aurkeztu zuten, GARAk aurreratu bezala, Esne Beltzaren lanak eta euren inguruko lagunenak kaleratzeko baliatuko dutena. Durangoko Azoka pasa bitartean, diskoa bertan bakarrik izango da salgai. Zuzenekoei, berriz, otsailean ekingo diote.