Ane ARRUTI DONOSTIA

Arrate Mardaras, «Pendrive» galdu baten sekretuen peskizan

Arrate Mardarasen lehen liburuan, gaur egun ia gure bizitza osoa gordetzen dugun memoria gailu horietako bat topatuko du fikziozko editore batek, «pen drive» bat, eta bertako testuak, argitaratuko ditu, garai ezberdinetan kokatutako bost amodiozko ipuinetan tartekatuz.

Lehenengo liburua du Arrate Mardarasek (Abadiño, 1960). Zazpi urte zituela bere herriko liburutegia ireki zutenetik «adikto» bat izan da. Hemezortzi urte beteta, unibertsitate garaian, Pott bandako hainbatekin harreman estua izan zuen eta «txikitu» egin zen bera, ingurukoen maila ikusita. «Egunen batean» idaztekotan gelditu zen eta, erretiroa oraindik urrunegi ikusten duenez, orain iritsi da bere momentua. Beti izan zuen amets bat, berak idatzitakoa, izenik aitortu gabe, editoreren batek argitaratzea eta misterio hori sortzea irakurleen artean, nor ote den istorio horien atzean dagoen idazlea... Baina ezinezkoa zela ikusita, hori bera fikziora eraman du «Pendrive» (Susa) bere lehenengo liburu honetan. Fikziozko editore batek pen drive (USB memoria) bat topatuko du bere mahai gainean eta bertan ageri diren ohar, zirriborro, hausnarketa, narrazioak... argitaratzea erabakiko du. «Horregatik diot fikziozko», esan zuen Mardarasek. «Bizitza errealean ez litzateke horrelakorik gertatuko».

Bost ipuinek osatzen dute liburua, amodiozko ipuinak dira, adin ezberdinetako bikoteenak, ez heterosexualak bakarrik eta andrazkoei «keinu bereziagoa» eginez. Kronologikoki «gure historiako momentu zehatzetan» kokatuta, hasi Izturitzeko haitzuloetan bizi ginen garaietatik eta 36ko gerraraino. Ipuin hauek pen drivean topatutako ohar, zirriborro edo hausnarketekin tartekatzen dira, istorio paralelo bat sortuz. «Idazle baten pendrivea aurkitzea lurrean. Putada galanta berarentzat, kopiarik ez badu egin. Ez gaitezen zinikoak izan, beti dago bizkorren bat igarriko duena norena den», hasten da «Demagun» ipuina.

USB memorian ageri diren istorioetako pertsonaiak toki arrotzetan kokatu ditu Mardarasek, ihesean dabiltza, idazlea bera dabilen moduan, «idazleak ez du bere burua agerian utzi nahi», esan zuen.