GARA BAIONA

Hiru hautetsi suprefetarekin hitz egiten saiatu dira ELB sindikatua sustengatzeko

ELB sindikatuko kideak Baionako Suprefeturaren aitzinean bildu dira 30 bat auzapez eta ordezkariz lagunduta Nekazaritza Politika Bateratua aplikatzeko moduari buruz laborarien arrangura agertzeko.

Joseph Goyheneix Lekunberriko auzapeza, Dominique Boscq Lakarriko alkatea eta Mirentxu Ezcurra Senpereko hautetsi eta laboraria Baionako Suprefeturan hartuak izan ziren atzo, «suprefetak laborarien kezkak eta arrangurak Pariseraino eraman zitzan». Baina suprefeta bertan ez zenez, bere ordezkariekin aritu ziren solasean. Hautetsiei esan zietenez, Suprefeturak prozedura baten bitartez helaraziko du Ministeriora laborarien eskakizuna.

Joan den astean, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna prentsaren aitzinean agertu zen Nekazaritza Politika Bateratua aplikatzeko Frantziako laborarien artean nagusi den FNSEA sindikatuak luzatutako proposamena kritikatzeko, egungo egitasmoa aplikatuko balitz Ipar Euskal Herriko laborarien %70ak produktibitateari loturiko laguntzarik ez lukeela izanen salatzeko. FNSEAren erabakia «onartezina» dela salatu zuten, «baserrien basamortutzea lastertuko» lukeelako.

Bataz beste, 22 behi

FNSEAk Parisen eta Euskal Herrian bi diskurtso desberdin dituela salatu zuten ELBko ordezkariek. FNSEA sindikatuaren proposamena 30 behi baino gutxiagoko laborariei diru laguntzarik ez ematea da, jakinez Ipar Euskal Herrian laborariek batez beste 22 behi dituztela. Suprefeturan atzo bildu ziren 30 auzapezez gain, «beste hainbatek» ere sustengatzen dituztela jakinarazi zuten ELBko ordezkariek.

Egitasmoa plazaratu zenetik, behi primen banaketa moldea aztertzeko hautetsiekin bildu da ELB euskal laborarien sindikatua, bereziki auzapezekin. Aurreikusitako neurriak aplikatuko balira, ukan lezaketen ondorio «latzak» aztertu dituzte, eta, hala, elkarrekin mobilizatzea proposatu dute «gure herriak defendatzeko». Europar Batasunak Nekazaritza Politika Bateratua aplikatzeko herrialde bakoitzari emandako tartea «baliatu ez izana» leporatzen dio ELBk Hollanderen Gobernuari.

ELBko laborariek gogor kritikatu zuten joan den astean Baionan egindako agerraldian FNSEA laborantza sindikatu nagusiak eginiko proposamena. Izan ere, diru laguntzak banatzeko FNSEAk egindako proposamena aurrera aterako balitz, «laguntza gehienak laborari handiengana bideratuko lirateke, eta, ondorioz, etxalde txikiak desagertu egingo lirateke ustiapen erraldoien mesedetan». ELBk, bere aldetik, laborari txikiak ere kontuan izango lituzkeen banaketa bidezkoagoa proposatzen du.