GARA DONOSTIA

Mundu osoko euskaldunei txioak bidaliz, euskara mundiala dela erakusten

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, #mundiala kanpaina sortu du Lakuako Gobernuak EITBrekin lankidetzan, munduan zabaldutako milioi bat hiztunak elkarren artean konektatzeko.

Hitza, zurea, nirea, gurea, denona, anitza, giltza, bizikidetza, zubia, dibertigarria, modernoa, integratzailea, bizia, zehatza, gaztea, sentimendua, koloretsua, etxekoa, kalekoa... mundiala! Mila solasek egiten dute bat www.mundiala.net webgunean. Doinu eta kolore desberdinak dituzte soinean eta irri bat barruan. Buenos Airesetik datoz, Ahetzetik, Berlinetik, Montrealetik, Barakaldotik, Vienatik, Tarifatik, New Yorketik...

Atarian ageri den mapa koloretako biribilez betetzen ari da jendeak txioak bidali ahala. Mezu bat jasotzen den lekuan argi bat pizten da, hor euskaldun bat dagoela adieraziz. Pertsona horri bidali zaion mezua irakurtzen ahal da, eta nondik bidali zaion jakin, Twitter eta Google Maps euskarriak gurutzatuz egindako esperimentuan.

Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarri ditu martxan #mundiala izeneko webgunea eta kanpaina, EITBrekin elkarlanean, datorren asteartean Euskararen Eguna ospatuko dela oroitarazteko. «Oraingoan, euskara `mundiala' dela gogorarazi nahi da; batetik, gure hizkuntza delako, eta bestetik, munduan zehar dituen ia milioi bat hiztunek hartzen duten garrantziagatik. Gainera, euskara Twitterren dauden 35 hizkuntzetako bat da», azaldu dute sustatzaileek.

Egitasmo honekin euskararen erabilera indartu nahi dute Interneten. Ideia, denen artean, Euskal Herrian eta hemendik kanpo bizi diren lagunei idatziz, txio pila bat bidaltzea da.

Bruselan eta Donostian

Abenduaren 3arekin lotuta, Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Patxi Baztarrikak, europar hizkuntzen mapa funtzional bat sortzea eta hizkuntza eskubideak europar dokumentu baten bidez instituzionalizatzea proposatu zuen atzo Bruselan, hitzaldi batean. Gaur, aldiz, euskararen biziberritzearen inguruko jardunaldi bat eginen du Sailburuordetzak Donostiako Andia kaleko egoitzan. Euskararen Egunerako prestatu duten adierazpen instituzionala ere aurkeztuko dute eta Amerikako eta Europako hizkuntza gutxituetako hiztunak eta indigenak izanen dituzte gonbidatu.

Asteartean, Euskaltzaindiarekin batera ekitaldia eginen du Gasteizko Legebiltzarrak. Bernart Etxepareren «Linguae Vasconum Primitiae» euskaraz idatzitako lehen liburuaren edizio berri bat aurkeztuko dute, txinerara, arabierara, kitxuerara, errumanierara, katalanera eta galegora eginiko itzulpenekin. Legebiltzarreko Tomas Moro aretoa Babelgo dorre txiki bat bilakatuko dute, lana hamaika hizkuntzatan errezitatuko dutelako. Jean Haritschelhar omenduko dute.