Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Gozo-gozoa, label bidean!

Itsasargiak ontziak kostatik urrundu bezala kaleargiak bezeroak dendetara hurbildu gura. Horren asmoz isiotu dira azaroko kaleetan abenduko argiak. Piztu. Nonbait Gabonak urte osoan izatea nahi dute. Amen. Baina benetan kaleargiak piztuta gura izango balute alde zaharreko komertzio txikiari ospea, eta bezeroak, bueltatu, aldi berean uxa-argiak piztu beharko lituzkete hiri kanpoko saltoki handien inguruan, harako bezeroak honako bihurtzeko.

Ezina baita txikia aupatu nahi izatea handia aupatuz; ez dago hainbeste aupa eskura, hautatu behar: txikia edo handia! Kooperatibetan ere. Eskularruak ez dira oinetarako. Ama, ama, zenbat kalte egin duen organoen tamainaren gaineko ikuspegi murritzak! Ez, barkatu, ez naiz elizako organoez ari, sexu-organoez ari naiz, hauen tamaina handia hainbeste laudatu, eta kasuan kasu goratu, izanak kaltea ekarri diolako txikiari, alde zaharreko komertzioari besteak beste.

Tira, harira! Argiak isiotu, bezeroen erakargarri. Hala ere, ez dakit askorentzat ez ote den marra gorri bat izango denda-atean eta ez ote diren erakusleihoari begiratuta konformatu beharko, aterpera joan aurretik. «Kolkoa bete diru» hura kantuan baina ez da askorentzat ezagun. Ez, ez da erraza gurpil antzutik ateratzea, are zailagoa erreiez aldatzea; kontsumokeria da gizarte honen minbizietako bat, baina kontsumoa behar da, are gehiago gaur-gaurkoz, kaleari bizitasuna ematen dion komertzio txikerra mantentzeko. Kontsumo arduratsua, bai, gertukoa eta neurrikoa, eta hortaz bakoitzaren ardura da neurriari neurria jartzea, neurriz neurri sano eginda gurpiletik ateratzen joateko.

Gertukoa eta neurrikoa. Euskal tarta, kasu baterako. Gozo-gozoa, maitasunez eginda, egitean gozatuta, bertoko lehen- gaiak, sasoian sasoikoak, bitartekaririk gabe merkaturatuak... Batere gozozale ez den ni bezalako batentzat benetan gozatzekoa den produktua, euskal tarta! Bai, gozamena benetan hori batzuen aurpegian zabal ikustea, hortxe ikusten da jende baten eskuzabaltasuna, batek egin eta beste bati eskaini; eta hauxe kolpea! Dohainik eskaini eta hala ere gero ordaindu behar! Emaileentzat gozagarri, gozakaitz hartzailearentzat. Horretan ere normalizazio falta nabarmena herri honetan. Edozelan ere, euskal labela behar du euskal tartak!