Kirol eskalada Bosgarren emakumea

Muriel Sarkany belgikarrak 9a gradura egin du salto 39 urterekin «PuntX» bidea kateatuta

Eskalatzaile belgikarrak Frantziako Gorges du Loup eskalada eskolan dagoen «PuntX» bidea kateatu berri du. 9a zailtasuneko lehen marra du, eta gradu hori poltsikoratu duen munduko bosgarren emakumezkoa da.

Josune Bereziartuk bere kideei langa oso goian jarri zien. 2002. urtean «Bain du sang» bidea (St. Loup, Suitza) kateatu zuen; hots, munduan emakumezko batek sinatu zuen lehen 9a izan zen. Bada, bederatzi urte pasa behar izan ziren neska batek gradu horretako bigarren marra eskalatu zuen arte. Ohore hori Charlotte Durif frantziarrari egokitu zitzaion. Ondoren, Sasha DiGiulian estatubatuarra eta Alizee Dufraisse frantziarra iritsi ziren maila horretara. Eta, azkena, Muriel Sarkany izan dugu.

Eskalatzaile belgikarrak Frantziako Gorges du Loup eskalada eskolan dagoen «PuntX» marra kateatu berri du. Hori bai, 39 urterekin. Aski ezaguna dugu Sarkany, batez ere zailtasuneko lehien munduan; izan ere, nazioartean dauden titulu guztiak irabazi ditu. Duela hiru urte, aldiz, zirkuituak utzi eta harkaitzean buru-belarri eskalatzen jarri zen. Duela hiru urte, adibidez, bere lehen 8c bidea egin zuen eta iaz 8c+ gradua lortu zuen.

Orain, berriz, bederatzigarren esferan sartu da «PuntX» bidea poltsikoratu ondoren. Marra hori, berez, Alex Chabotek igo zuen lehen aldiz. Ez zuen gradurik proposatu, baina, aldiz, eskola horretako gogorrena zela esan zuen. Ondoren, beste errepikatzaile batzuek 9a+ eta 9a/+ zailtasuneko bidea zela proposatu zuten. Baina, azkenik, Patxi Usobiaga edo Enzo Onddo bezalako eskalatzaileek 9a graduan utzi dute.

Lehena

Aurreratu behar dugu Sarkany izan dela «PuntX» bidea igo duen lehen emakumezkoa. Marrak 20 metro ditu, eta blokeko pausuek zailtasuna ematen diote. Estilo hori, bederen, Sarkanyrentzat oso egokia da.

Protagonistak adierazi duenez, lehen saioak iaz egin zituen: «Lehen aldiz iazko udaran probatu nuen. Ia mugimendu guztiak atera nituen, baina sekzioak ez. Izan ere, pausu batzuk oso morfologikoak dira, eta nik metro bat eta 53 zentimetroko garaiera dut. Hilabete batzuk geroago itzuli nintzen, baina urria euritsua izan zen, bidea busti egin zen eta xedea bertan behera utzi behar izan nuen».

Pasa den abuztuan, berriz, Sarkany Gorges du Loupera itzuli zen, baina izugarrizko beroa egin zuen. Irailean eta urrian ere ez zuen eskalatzeko baldintza egokirik aurkitu. Azaroan, bederen, hotza izan zen nagusi. «Kateatze egunean, adibidez, hotz ikaragarria egin zuen; elurra ate joka zegoen. Une batez eguzkia lainoetatik agertu zen, eta baldintza egoki horiekin bidea poltsikoratzea erdietsi nuen», adierazi du Sarkanyk.

Beraz, eskalatzailea bederatzigarren graduan sartu da. Horixe zuen helburu: «Lehiak utzi nituenetik, jo eta su jardun dut harkaitzean. Nire helburu nagusia 9a zailtasuna egitea zen, eta, azkenean, erdietsi dut. Iaz 8c eta 8c+ zailtasuneko hainbat bide kateatu nituen, eta ohartu nintzen gai nintzela graduan beste urrats bat egiteko. Garaieran txikia naiz, eta `PuntX' bidean ondo baino hobeto nabaritu dut metro eta 53 zentimetro bakarrik ditudala. Alabaina, muga hori ere gainditu dut».