Ane ARRUTI DURANGO
DURANGOKO AZOKA

Urteko erradiografia eta 20 euskal kantu «Entzun!»-en disko-liburuan

Hogei euskarazko kanturekin osatu du «Entzun!» musika aldizkariak aurtengo liburua laguntzen duen disko-bilduma. Inoiz baino kantu gehiago eta estreinakoz, guztiak euskaraz kantatuak. «Euskal musika aldarrikatu nahi izan dugu horrela, artista eta talde ezin hobeak ditugula agerian utzi, kalitate handiko produkzioak euskaraz ere egiten direla erakutsi. Diskoaren azken emaitzak, gure ustez, esandakoa berresten du», azaldu zuen Xabier Sagardiak, aldizkariaren zuzendariak.

63. zenbakia du aurtengo aleak, baina seigarren liburua da «Entzun!»-ek Durangon aurkeztu duena, aldizkaria paperean argitaratzen zeneko numerazioa mantentzen baitute. 2008an Interneten aldeko apustua egin zuten. Www.entzun.com atarian egunerokotasunari eman diote garrantzia eta urte bukaeran produktu osotuago hau eskaintzen dute. «Ikusten genuen Internet indarra hartzen ari zela. Pena eman zigun papera baztertzeak, eta horregatik pentsatu genuen urte bukaeran behintzat zerbait potenteagoa egin behar genuela, eta hortik sortu zen disko-liburua», gogoratu zuen Sagardiak. «Denborarekin ikusi dugu paperaren gainbehera nola etorri den eta uste dugu asmatu dugula».

Ale honetan, musika taldeen elkarrizketa mordoaz gain, erreportaje interesgarriak bildu dituzte. «S neurriko diskoetxeak» deiturikoan, Euskal Herriko diskoetxe txikien erradiografia bat egin dute. «Ez daude denak, baina daudenak dira», esan zuen Sagardiak. Zaleek sortutakoak dira, eta «pasiotik, edizio murriztuak egiten dituzte, landuak, amodio askorekin. Gure Gauza Records-ek, adibidez, AEBetako binilozko soul singleak baino ez ditu egiten, Moonpalace Records gipuzkoarrak, berriz, eskuz lantzen ditu kutxa guztiak...».

Irrati libreek musikaren zabalkundean izandako garrantzia ere aztertu dute beste batean, musika entzuteko eta talde berrien bozgorailu nola izan diren. Eta gainera, urteko afixen bilduma, komikia, iritziak, argazki galeriak...

Euskal musika industriaren erronkak ere aztergai hartu dituzte; «Krisiak jotako sektorearen kezkak, asmoak eta aldarrikapenak» du izenburu, azken urteotako musikaren kontsumoan izandako ohitura aldaketek, BEZaren igoerak edo programatzeko diren zailtasunak direla-eta sortu diren elkarte eta egitasmoen berri emanez. «Mentalitate aldaketa bat badago, baina gehiago sakondu behar da», esan zuen Sagardiak. «Ohiturak aldatu egin dira eta nik uste dut kontra egin beharrean bat egin behar duzula».

«Pop pilulak», fanzine bizigarria dakar Azpitartek

Fanzine sortu berria da «Pop pilulak», Durangoko Azokan Entzun/Debalde eta Banizu Nizukeren standetan habia egin duena (4 euroan saltzen da). Betiko fanzineen erara, zuri-beltzean eta birziklatutako paperaz egina dago, baina diseinu zaindua agertzen du, txukuna oso.

Barruan hamar artikulu interesgarri gordetzen ditu, beste horrenbeste izenek idatziak. Egitasmoko arduradun nagusi Julen Azpitartek «Jordi Duró, grafismo dantzagarria», Fermin Etxegoienek «Zure bizitza salbatu zuten kantuak», Koldo Almandozek «Turismoari gorazarre», Antton Iturbek «Mini: jarrera eta estiloa», Beñat Sarasolak «Tempora, Mores, Quosque eta Tandem», Iñigo Bidetxeak «Ida Lupino, prostitutetara jolasten makarroi artean», Xabier Montoiak «Azken argazkia», Xabier Sagardiak «Clap your hands! Txalo erritmikodun hamar abesti zoratzeko», IbonRG-k «Art Brutus» eta Katza Aiarzaguenagak «Hype Williams, oso serio jolasean», pilulak idatzi dituzte.

«Buruan bueltaka nuen asmoa, ezagutzen nituen fanzine batzuen antzeko zerbait egitea, euskal hedabideetan gutxi lantzen diren kultur gaiak lantzeko, beti ere pop ikuspegi zabal baten pean, XX. mendeko mendebaldeko gizarteko kultur eztandaren adierazpideak, izan musika, zinema, diseinu edo bestelakoetan». Hamabost bat laguni deia egin -bost neska inguru tartean, parte hartu ez duten arren-, eta «beraiek hautatu dituzte gaiak; horregatik dira pilula».

Azpitarteren buruak pentsatu eta poltsikoak ordaindutako fanzineak jasotako erantzunaren arabera ezagutuko ditu aurrerantzean zenbaki gehiago. Zure alea nahi? Eskatu!: poppilulak@gmail.com. A. B.