Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Zerbait propio behar!

Krisi ofiziala sortu zenetik bi gauza pentsatu izan dut beti, pentsamendu berean. Jakina, askoz ere gauza gehiago pentsatu izan dut, baina krisiari buruz eta zuzenean bi sikiera bai. Bata, krisia sortu egin zutela, indarrean zuten eredu globalizatuan eraldaketa sakonen aitzakia ezustekoa izan zedin, izan zezaten; izan ere, krisiak aldaketak gauzatzeko garai ezin aproposagoak dira, aldaketok norabide batean edo guztiz kontrakoan izan balitezke ere. Bestea, krisia bera baino askoz ere larriagoa hipokrisia dela. Eta hipokrisia sentitu dut egunotan han-hemenkako batzuen esanetan Madiba zenaren inguruan. Ahaztu omen dute jaiotzezko demokrata batzuek zenbat urte eta zergatik egin zuen hark giltzapean; terrorista izan baitzen bake-nobel saria baino lehenago. Beste batzuk itsaso ondoko lur-zerra odolusteari utzi gabe dute jasoa tamainako saria. Izenaz behintzat tamainakoa. Hipokrisiaren dotrina.

Eta bidetik atera gabe. Gure behean den Estatu antzeko horrek bai zaletasuna gero mundu mailako zerrendetan beti muturretan agertzeko, azkeneko lekuetan batzuetan aurrenekoetan gainerakoetan. Kasu batean zein bestean izaera bera- ren adierazle, politika egin eta ulertzeko modu petrala bera. Horra, kasu baterako, orain arteko azkena. Ustelduen artean kirats gehiago darienen tropelburu, eta zelako tropela!. Made in ustel, edo, horixe marka gero!. Ama, ama! icebergaren gehiena begientzat ezkutuan. Zenbat moketa jitoan kloaketako ur geldietan!. Konstituzioa eta guztiz!. Amen. Baina nago ni, euskal lurraldeetan azken boladan gauzatuz doan kultura politiko berriaren talaiatik, hainbat mito betiko uxatzen jarraitu behar dela. Hortaz, beheko zer antzeko horren konstituzioak gauza on bat behintzat ekarri digu euskaldunoi, eta halaxe aitortu behar, nahiz eta gero penitentziaz ordainduko: Durangoko Azoka. Holakorik ez zen izango konstituzioaren zubirik gabe. Hori ere kolpea! zubian bertan nabarmentzen da azpiegiturek politikan duten eragina! Adreilua beti presente, modu batean edo bestean. Tira, harira!. Zenbat kalte egingo ote liokeen euskal kulturari konstituzio jaieguna gurean laneguneratzeak. Asmatu beharko dugu egun horretarako zerbait propio, gertuko, jaiegun mantentzeko, harekin amarrak apurtu eta gero ere. Euskal Tarta eguna, kasuko.