Anartz BILBAO DURANGO
DURANGOKO AZOKA

Argitaletxe eta diskoetxeek jada tabu dute krisi hitza balorazioetan

Gerediaga elkarteak argitaletxe eta diskoetxeekin batera egindako balantze orokorraz aparte, GARA zenbait standetan izan da, 2013ko Azokak utzi dituen aldarteak ezagutze aldera.

Erein argitaletxean, eta Toti Martinez de Lezeak sinatu eta sinatu jarraitzen duen bitartean -izugarria da emakume honena, lau egun daramatza gelditu gabe, eta zaleek ordubetetik gorako itxaronaldiak ere egin dituzte sinadura bat lortzeko-, Idoia Gonzalezek hartu gaitu. «Totik urtero-urtero sortzen ditu ilarak, aurten gaztetxoentzako Nur sailarekin zein `Itahisa' helduentzako nobelarekin».

Aparte, «Martutene» bezalako lanek (Euskadi Saria) harrera ona izan dute, baina salmentak atomizatu egin direla nabarmentzen dute Ereinen. «Balorazioa oso positiboa da, jende asko ibili da eta saldu da -iazkotik gora-, baita fondoa ere».

Txikiagoa da 1981ean sortutako Maiatz elkartearen standa eta seguruenera urriagoak salmentak, baina Lucien Etxezaharretak adierazi digunez «berriro itzuliko garela ez da zalantzarik. Esfortzua da guretzat hemen egotea, baina atsegina ere badago. Gutxi sentitzen gara euskal literatura munduan Ipar Euskal Herrian, eta laguntasun orokor hori gure inguruan sentitzea indar handi baten biltzea da», dio hazpandarrak.

Literaturaren termometroa Txalapartako Mikel Sotok eman digu hurrengo. «Nahiko ondo joan da, gure kasuan hiruzpalau tituluk erantzun bikaina izan dute». Ahoztar Zelaietaren «Jóvenes burukides vizcainos» ikerketa lana, esaterako, agortu egin omen dute, «Azokara ekarritako aleak saldu eta biltegia hustu egin dugu». Argitaletxe nafarrak CANi buruzko «El banquete» liburuak izan duen erantzuna ere azpimarratu nahi izan du. «Bitxia da, kazetaritza ikerketako bi liburu dira-eta».

Bitxikeria modura, «salmenta entretenigarria izan dugu» dio Sotok, EAJko kargu asko liburua erostera hurreratu zaizkiela-eta. «Oso egoera bereziak sortu dira (kar, kar,)». Eta euskaldunen artean zer? Irati Jimenezen «Aiztoa eta arkatza» eta Maite Gurrutxagaren «Habiak» lanek martxa polita izan ei dute, «sorpresa polita izan da azken hau, komiki lan bat dela kontuan izanda». Soto gainera pozik da, Azokan irakurleekin sortzen den feedback-a oso gustuko duela-eta.

Musikagintza berrasmatzen

Ahotseneako arduradun Gotzon Barandiaranek literaturarekin alderatuta gunea musikak hartua zuela adierazi bazigun, Landakon txikia da diskoetxeek hartzen duten espazioa, gero eta txikiagoa. Hantxe topatu ditugu, mutur batean, Gor etxeko lagunak, jendea azken orduko erosketak egiten dabilen bitartean. «Hotza izan da giroari dagokionez, ate ondoan gaude-eta!», esanez jaso gaitu Patxi Goñik, adar-jotzaile, aspaldiko garaietan legez -lehen Azokak- hotzez dardaraka izan direla-eta.

Aurreko urteetan ez bezala, balorazioetan apenas aipatu da lehen denen ahotan zen krisi hitza, baina Gor zigilu nafarraren arduradunak azaldu digunez, «aurreko urteetan, krisia aipatzen bazen ere, jendeak aise erabiltzen zuen dirua, eta oraingoan bai, nabaritu dugu poltsikoak hutsik direla». Baina Azoka ona izan dutela dio, «beti da-eta ona. Hemen aspaldiko lagunekin topo egiteaz gain katalogo guztia erakusteko aukera izaten duzu; eta mugitzen da. Pentsa baino bildumazale gehiago agertzen da aspaldiko diskoen bila».

Anjel Valdesek ere badu zer esan euskal diskogintzari dagokionez. «Aurten ikusi da jendetsua izan dela, ostirala kasik historikoa, eta batez ere oso gogotsu ikusi dut jendea». Elkarrek proposamen indartsuak izan ditu Valdesen aburuz, eta balorazio ona egin digu Azokaz. «Salmenta ona izan da; urtero ezer ez da berdin hemen, eta euskalduntasuna atzerapausoan dagoela ematen badu ere, hemen batzen gara indartsuago sentitzeko beharra dugu-eta; kontu honetan, krisialdiak kontrako efektua du». Elkar diskoetxeko arduradunak «aurrerakuntza eta hobekuntza handiak» ikusi ditu gainera aurtengo edizioan; Ahotsenea eta Landakoren arteko harremanean esaterako. «Musikariak eta industria ez dira inoiz ondo konpondu, olioa eta ura bezalakoak dira, eta aurten oreka zuzenagoa ikusi dut».

Landako agurtu baino lehen, Baga-Biga etxeko Ritxi Aizpuruk bota dizkigu azken gogoetak. «Gu hiru stand izatetik lau izatera pasa gara, eta bada zerbait garaiotan». Iaz Gatiburekin «sabaia jo» zutela dio gipuzkoarrak, eta beraz aurten ez dute salmentetan gora egin. Salgai zituzten diskoen artean, liburu bat azpimarratu digu, Alex Sarduiren «Esan eta egin». «Uste dut irakurle berri bat ekarri diogula literaturari, eta ez dut inoren kontrako mezu bezala botatzen». Aparte, «apustu handia egin dugu Korrontzirekin, eta mugitu da, baita Urtzena ere». Aurreko egunean Plateruenan jo zuten Kautarekin batera, eta 700 zale batu ziren bertara.

Agintariak gezurretan?

Krisiaz mintzo gara, «baina sorkuntzan ez dago, politikoa izango da». Horrela esan digu Ahotsenea gune oparoko arduradun Gotzon Barandiaranek, aurtengo Azokaz itaunduta. «Agintariei, EAJri, eskatu behar zaie gezurrik ez esateko. Euskal kultura bultzatu gura badute, eta hori diote, benetan bultzatu behar dute, eta ez dute egiten. Kulturak behar du inbertsio bat, eta Azokara gerturatzen diren milaka lagunek erakusten dute euskal kulturak baduela babes soziala». Ahotsenean egunotan «nabarmena izan da musikak hartu duela gunea, sortzaileen aldetik eskaera ikaragarria izan da literaturarekin alderatuta», dio Barandiaranek. «Urtero legez talde berriak ezagutu ditugu; erritmo aniztasuna dago gainera. Eta publikoa gosez etorri da; behin baino gehiagotan egin du gainezka aretoak. Herritarron babesa du Ahotseneak». A. B.