Andoni ARABAOLAZA
pirineismoa | «TransClassicPirene» xedea

Eloi Callado, pirineismo klasikoari omenaldia oinez eta eskalatzen

Abuztuaren 7tik urriaren 12ra, pirineista katalanak mendilerro osoa oinez zeharkatu zuen, bakarrik eta inolako laguntzarik jaso gabe. «Trans Classic Pirene» izeneko ekimen horretan, gainera, 55 bide klasiko eskalatu ditu; 25.000 metro, gutxi gorabehera.

XIX. mendean lehen aldiz egin zenetik, Pirinioetako zeharkaldia erronka erakargarria izan da milaka eta milaka mendizalerentzat. Uda garaian mendilerro horretan dabilen edonork, banaka edo taldeka makina bat ibiltari ikusiko ditu aipatutako helburu hori egiten.

Baina horiez guztiez gain, badira xede hori beste ikuspegi batetik sinatzen saiatzen direnak; hots, ibiltzearekin batera, adibidez, zeharkaldian zehar hainbat eta hainbat bide eskalatzen dituztenak. Askoz ere gutxiago dira; esku bateko hatzekin zenbatu daitezke. Akaso, irakurleak gogoan izango du duela urte gutxi batzuk orriotara ekarri genuen izaera horretako albiste bat. Katalan taldetxo bat izan zen Pirinioetako zeharkaldia oinez eta eskalatzen egin zuena.

Bada, oraingoan beste katalan batek, Eloi Calladok, lerrootako protagonismo nagusia hartuko du. Bere kideen asmo bera egin berri du, baina hori bai, bakar-bakarrik. Hasi, berez, Euskal Herrian hasi zuen abuztuaren 7an; hain zuzen ere, Iger lurmuturretik (Hondarribia); eta bukatu, berriz, Katalunian urriaren 12an: Creus lurmuturrean. 67 eguneko zeharkaldia Kantauri eta Mediterraneo itsasoak Pirinioetan barrena oinez eta eskalatzen lotzeko.

Egin duen xedeari, Calladok «TransClassicPirene» izena jarri dio, eta, aipatu digunez, «pirineismo klasikoari omenaldia» egin nahi izan dio. Datuak hotzak izan daitezke, baina baita oso adierazgarriak ere: 1.200 kilometro oinez, 25.000 metro eskalatzen eta 100.000 metro metatuta.

Oinez, bakar-bakarrik, inolako laguntzarik gabe eta, gainera, 55 bide klasiko eskalatu ditu; gutxienez bide klasiko bat mazizo bakoitzeko. Eta zailtasunari dagokionez, denetarik izan da: II-III graduko ertzak, Ansabereko «Spigolo» marra (7b), Embarraderen «Ravier» bidea (A1 graduko tarte bat)... Horixe da hitz gutxitan Calladoren xedeak izan dituen datu esangurantsuenak. Honen guztiaren inguruan hitz egingo digu protagonistak berak, baina aurreratu nahi dugu FEDMEk jarduera hau sarituko duela hilaren 14an Madrilen egingo duen ekitaldian.

Pirineista katalanak ondo baino hobeto ezagutzen ditu Pirinioak. Are gehiago, Calladok dio mendilerroarekin maiteminduta dagoela: «Mendi horietan egin naiz alpinista eta eskalatzaile. Duela urte asko, Manel de la Matta eta biok Pirinioetako zortzi bide mitiko kateatzeko gai izan ginen. 8 bide 8 egunetan, eta bide bakoitza oinez lotuta. Eskarmentu gogorra baina, era berean, aberatsa izan zen. Orduan otu zitzaigun nik orain egin berri dudana: zeharkaldi osoa baina mendilerroaren bide klasiko nagusiak eskalatuz. Zoritxarrez, Manel hil egin zen, eta, hainbat kideri egitasmoaren berri eman banien ere, inoiz ez zen aurrera atera. Azkenean, nik neuk bakarrik egin dut».

Calladok azpimarratu nahi izan duenez, «TransClassicPirene» xedea benetako pirineismoaren ukituarekin egin nahi izan du. Katalanak, besteak beste, honako eite hauei garrantzia eman nahi izan die: «Ez dut inoren laguntzarik izan, eta ez nuen nahi. Oinez, inolako ibilgailurik erabili gabe egin dut. Ez dut presaka egin. Geldialdirik gabe, hasi eta bukatu. Hitz batean esanda, zeharkaldi hau nire erara egin nahi izan dut. Eta esan behar dut, eskalatzen ez dela inoiz bakarka egin. Alabaina, garrantzitsuena ez da era batera edo bestera egitea, baizik eta bizitzan behin egitea bederen. Era horretan uste dut Pirinioak benetan bizi eta sentitzen dugula».

Dena gainean

Arestian aipatu dugunez, protagonista honek zaila izan zuen kideren bat animatzea eta horregatik xedea bakarrik egin du: «Ni eskalada eskola zaharrekoa naiz, eta uste du sokada kirol honen muina dela. Garrantzitsua da zer egiten duzun, baina nik garrantzi handiagoa ematen diot jarduera jakin hori norekin egiten dudan. Lan edo familia kontuak direla eta, ezin izan nuen inor nire helburura lotu. 80 eguneko jarduera iragarri nuen, eta hainbeste egun libre izatea zaila da. Ni ere dena pikutara bidaltzeko zorian izan nintzen, baina eskarmentua zein motibazioa banituen, eta senitartekoek asko lagundu didate».

Jakina, bizkar-zorroan eraman beharreko pisuak benetako buruhausteak eragin zizkion: «Nik hiru lagunez osatutako sokada nahi nuen lortu, batez ere pisua ondo banatzeko. Hasi baino lehen, etxean makina bat proba egin nituen. Kontuan hartu behar da eskalatzeko 60 metroko soka bat (8 milimetrokoa), arnesa, 6 mosketoi, lau alien eta friend bat eraman nituela. Batzuetan material hori hartu, eta, bide bat eskalatzera abiatzen nintzenean, bizkar-zorroa ezkutatzen nuen. Baina hori eskalada guztietan ez zen posible izan».

Eskaladak aipatzen ari garenez, Calladok adierazi nahi du une gogorrenak ez direla alde fisikoari dagozkionak izan; izan ere, eskalada horiek buruari eskatu dioten indarra izan da latzena: «Irakurleak jakingo du zer den bakarrik eta tresneria oso gutxirekin eskalatzea. Arbizongo «Ravier» bidean, adibidez, oso gaizki pasa nuen. Harkaitzaren kalitatea oso txarra zen, eta, iltzerik ez nuenez, hirugarren luzetik sokarik gabe eskalatu nuen. Troumousseko «Ravier» marran ere, une latzak bizi izan nituen: behe laino itxia, arroka txarra, bustia... Eta amaieran kazkabarrak harrapatu ninduen; hipotermiatik oso gertu ibili nintzen».

Calladok 55 bide eskalatu zituen; horietako batzuk klasiko historikoak eta beste batzuk, berriz, modernoagoak: «Lehenengo horietatik, Ansabereko «Spigolo»ren estetikarekin edo Embarradereko «Ravier»en gogortasunarekin geratzen naiz. Modernoagoak, berriz, «Deja Vu (Caputxi), «Picachu» (Pic d´Espade)... Bestalde, atera dudan ondorio nagusi bat honakoa da: «Pirinioak kontrastez beterik daude: geologikoa, paisajistikoa, demografikoa, ekonomikoa, kulturala...».