Jon Garmendia
Idazlea

Laranja

Hartu laranja bat eskuetan, eta hasi hatzekin zuritzen mantso-mantso; azala kendu arau, mami zuria agertuko zaizu begien aitzinean. Ura pilatzen zaion presa bailitzan sentituko duzu ahoa, eta fruituaren aleak banan-banan hartuaz, arrapaladan janen duzu laranja, plazerez. Halako zerbaitekin konparatu izan duzu Durangoko Azoka, denbora gehiago behar baita prestakuntzan hura jaten baino. Halako zerbaitekin. Are, denbora. Tempus fugit. Eta badatoz trenak bueltan, autobusak, eta autoak. Zeruratu da zubia. Asteburua euskaldunon historia garaikidearen orrietan inprimatzen ari da. Patrikari lehen kolpea eman zaio, baina pozik, lorpena izan baita, arrakasta. Zaila dirudi urtero adjektibo berriak aurkitzea. Euskal kulturak behar gaitu. Eta argitaletxeek. Idazleak eta sortzaileak beranduago datoz. Zuk prestatu mahaia. Eta Durangoko ostatuetan giroa omen, sekulakoa. Ahotsenea ederra, bai, eta zu ahots lakar horrekin. Eztabaida eztabaidagarriak, intelektualak batzarturik, eta aski konspiratu da. Azokako iazko zuzendaria non da? Hura zen ona, ez ahantzi, biziki ona. Eta sare sozialetan lurrikara, baina eraikitzailea. Kabian da @. Ez nahaspilatu, eta oroitu negua autoezkoiztu behar duzula. Behatu karrikan, entzun jendeari, gehienek saskiak beteta dakarzkite. Durangon gaztetxoen amets batzuk bete dira, denok baitaramagu barnean bat, gainera, nehork ez du zaharra izan nahi, ezta gramatikako hiztegiek ere. Irratian uneoro entzuten dira disko salduenak. Tartean, analisi bat, zergatik hainbeste eta zergatik hain gutxi, soziologia. Eta argitaratu berritik erosi berrira pasatako liburuak zain daude logeletan, maitasuna marrazten den lekuetan. Apalen imana saihestu dute behintzat. Komikiak baziren, eta izan direlako izango dira. Domaia, egunkari bat gutiago bidean. Antzerkia ez da teatroa. Hori bai, inperioaren hizkuntzak inbidiaz, halakorik ez dute haiek. Zer den ahulago izatea. Baina iritzian aberatsak gara, eta behin zoriontsuak izan ginen errateko adina badaukagu. Hurrengo urtean laranja gehiago. Eta gazian, dena izango da gozo.