Aimar ETXEBERRIA

Presoen gizarteratzea helburu duen proiektu bat aurkeztu dute Zestoan

Aranzadi Zientzia Elkartearen ekimenez, Martuteneko espetxean dauden hamabost presok, EHUko bost ikaslerekin batera, Zestoako Bainuetxeko tren geltokia birgaituko dute. Modu horretan, euren gizarteratzea eta laneratzea erraztuko dien prestakuntza jasoko dute.

Presoen gizarteratzea eta laneratzea helburu duen proiektu pilotu baten berri eman zuten atzo Zestoan. Ekimena Aranzadi Zientzia Elkartearen iniziatiba da, eta Lakuako Gobernuaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Zestoako Udalaren finantziazioa jaso du. Horregatik, bertan izan ziren Aranzadiko idazkari Juantxo Agirre, Lakuako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justizia sailburu den Josu Erkoreka, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Ruben Alberdi Zestoako alkateordea. Hala, Zestoako Bainuetxeko tren geltoki zaharra eraberritzeari ekin diote Martuteneko hamabost presok, EHUko bost ikasleren laguntza izango dutelarik.

Programak hogei egun izango ditu, eta trebakuntza praktikoaz gain, giza eskubideei, genero berdintasunari eta Euskal Herriko kulturari buruzko eskola teorikoak ere bilduko ditu. Modu horretan, eta behin esperientzia amaituta, eraikuntza arloko titulu akademiko bat jasoko dute presoek, euren gizarteratze prozesuan lagungarri izango zaielarik.

Egitasmoaren helburu nagusia presoen gizarteratzea eta laneratzea erraztea da, eta hein horretan, bide hau egitea erraztuko dien prestakuntza eta lan-esperientzia jasoko dute. Era berean, prestakuntza honek Euskal Herriko udalerrietara «onurak» ekarriko dituela uste dute sustatzaileek. Espetxeetako presoen laneratzeari eta gizarteratzeari dagokionez, hainbat erakunderen arteko lankidetzak ere garrantzia hartzen du ekimenean eta zeregin hori modu «duin» batean gauzatzea lehenesten dute.

Zestoako herriari ere egingo dio mesede proiektu pilotu honek, herriko ondare kulturalaren zati den eraikin enblematiko bat leheneratuko baitute.