Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Gramatika, keinuen argibide

Santa Lutzi, Santa Lutzi, eguna luzatzen utzi! Edo horrelako zerbait. Negura sartzera goazen honetan, zabaltzen hasi eguna. Eta kolpea bada sikiera, negua ilunarekin lotzen ohi baita bertsio ofizialean. Bada bai, solstizioan solstiziokoa! Aurrekontuak, kasurako! Kontu kontari ari dira egunotan, nork-nori-zenbat, kontuak aurrera atera nahian gertukoena hartuta kontukide. Hainbat lekutan loteria usaia hartu diot akordioari, Gabonak Gabon. Kontuak atera! Beti pentsatu dut aurrekontuak funtsean atzekontuak direla. Hortaz, bertsolariena gogoan: atzekoz aurrera! Tira, harira! Aurten kontu berriak albiste direla hurbiltzen ari zaigu solstizioa. Horra Katalunia, zer eta galdera, noiz eta eguna; bikoa bata, bakarra bestea. Honezkero hor ez dute ahoan bilorik. Imajinatzen nago eszena: Generalitateko burua Camp Nou futbol zelaian erabakiaren berri ematen, eta ondo-ondoan gure behean den Estatuaren burua bere parrokiako entzungorrei aldibereko itzulpena egiten, keinuka. Total, batzuk galdera onartu ez baina, eta hauxe kolpea!, erantzuten hasiak dira! Bola ibiltzen hasia den seinale. Aurrera bola! Malda aurrean, eta grabitatea lagun!

Eusko Jaurlaritzak berak ere hango kontsultaren alde agertu beharra izan du, horra: ezin landan ateak jarri, esan du boza daramanak. Ados, baina akaso errailak bai, landan? Tira! Ponentzia ere dute jeltzaleek abian jarri legebiltzar batean autogobernuaren mugez ez eta bai aritzeko. Ez dakit, baina ganbera horretan ponentziek duten ibilbidea ikusita... Horra, bake-ponentziaren barruan inor gutxi, eta kanpoko atean hainbat ostikoka ari. Hortaz, ganbera baino gehiago ganbara ematen du, traste zaharren biltegi, neguak dakarren egun zabaltzeari eskas laguntzen. Eta bitartean, legebiltzarrez kanpoko munduetan Ukraindia, Tailaindia, Euskaltzaindia... gatazkak areagotzen ari dira, non bere labelarekin. Gramatikak hizkuntzan baino gehiago hizkeran duen garrantziaren seinale.

Nor, Nor-Nori, Nor-Nork eta Nork-Nori-Zer eginetan ondo desberdintzearen beharra, derrigorra, komenentziazko entzungorrak uxatzeko, elkarrizketa bakarrizketen bilduma izan ez dadin...Eta inor ponentzia batera paper zuria eskuan joan ez dadin. Keinuek ere noiz edo noiz paperean behar dute letra bihurtu.

Eta utzi ilargia bakean!