boulder | Lan ederra

Markel Mendietak uzta oparoa lortu du azken bolada honetan

Arrasateko blokeko espezialistak, korapilo gogorrak zabaltzeaz gain, horien lehen igoerak sinatu ditu. 8b+ zailtasuneko hiru proposamen lortu ditu; guztiak Araotzen. Gradu horretako bederatzi bloke ditu.

Markel Mendieta sasoiko dagoenean, suziri batek hartzen duen abiaduran jarduten du. Aitortu behar zaio lesioekin ez duela batere zorterik izan. 10 hilabete min hartuta pasa ondoren, belaunean min hartu eta berriro blokea alde batera uztera behartuta egon da. Alabaina, udatik hona egoera asko aldatu da. Erabat osatu ondoren, boulderrean pixkanaka buru-belarri jarri eta, espero genuen bezala, uzta oparoa erdietsi du.

Bai, ohi den legez, han eta hemen ibili da korapiloak sortzen eta askatzen. Graduari begiratzen badiogu, aipagarria da 8b+ zailtasuneko hiru bloke asmatu eta lehen igoerak sinatu dituela. Guztiak proposamenak dira. Batez ere, Araotzeko bi eremutan, Galizian eta Albarracinen gogor eskalatu du.

Zerrenda aberasgarri horren kronikarekin hasteko, Araotzeko errekaren ondoan duen txokora abiatuko gara. Mendietak dioenez, han xede ugari ditu: «15 urterekin zabaldutako hainbat bloke gogor itxaroten nituen. Gaztetasuna dela-eta, garai haietan ezinezkoak ziren; egun, berriz, batzuk poltsikoratu ditut. Oso bloke ederrak dira, eta, askatu ditudan korapiloen artean, bi aipatuko nituzke. «Dancing in hell» (8b+) da bat. Orain arte egin dudan gogorrenetarikoa. Bestea, «Alasnikov» da; oso ona eta garaiera duena. Uste dut 8a+/b izan daitekeela».

Oso gogotsu

Arrasatearra Galizia aldean ere ibili da. Sasoia erabat berreskuratuta, oso motibatuta jardun zuen. Crior lurmuturrean gustura ibili zela aipatu digu: «Berez, blokeko beste eremu baten bila izan ginen, baina ez genuen topatu. Crior lurmuturrean jo eta su jardun genuen. Alderdi hori ederra da oso, eta, gainera, bakartia. Eskalatutakoaren artean, «Super zaila» blokea aipatuko nuke. Zabaltzeaz gain, lehen igoera egin nuen. Oso plaka zaila da, eta hiruzpalau egun behar izan nituen korapilo hori askatzeko. Oso fina da, ez da bertikala, etzana baizik. Hatzetako azala han utzi nuen. Proposamena: 8a+».

Hotza muturra sartzen ari zen bitartean, Mendietak pare bat asteburu Albarracinen egin zituen. «Helicopters on beaches» blokea astintzen izan zen. Berez, 8b+ da, baina arrasatearrak beste metodo bat aurkitu zion eta uste du 8b graduan geratu dela: «Metodo berri horrekin asko aldatzen da. Di-da batean egin nuen. `Petreña' izeneko blokea ere zabaldu nuen. 8a+ gradua izango du, eta eserita hasita askoz ere gogorragoa da».

Eta kronikarekin amaitzeko, Araotzeko kobazuloan sortu eta sinatutako lehen igoerak aipatuko ditugu. Lehena, «Ziarrustaren omenez» eginiko blokea da. 8b+ graduko proposamena egin badu ere, agian pixka bat zailagoa izan daiteke: «Inoiz egin dudan zailenetarikoa da». Bestea, «Gora ekin» da. 8b+ dela uste du. Bide batez, Mendietak hainbat kideri eskerrak helarazi nahi dizkie bere jardunetan asko lagundu diotelako: «Kepa, Pule, Burdin, Alazne eta Ekiñe, benetan mila esker».