Jon LEUNDA
harri-jasotzea | Euskal Herriko finala

Aimar Irigoieni txapela kentzea oso zaila izango da

Ostolatza, Eizmendi, Ugartemendia eta Telleria II.a ere lehiatuko dira.

Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa jokatuko da bihar, 18.00etan Asteasuko pilotalekuan. Aimar Irigoien buru dela izango da final handi hau. Errezildarra da azken urte hauetako txapelduna, eta oso zaila izango dute gainerakoek bera mendean hartzea, une honetan gainerakoei koskatxo bat kentzen baitie harri handi eta txikietan txapelduna den kirolariak.

Irigoienekin batera, Ostolatza, Eizmendi, Telleria II.a eta Ugartemendia neurtuko dira. Harri-jasotzaile bakoitzak lau harri ezberdin erabili beharko ditu. Hasteko, 200 kiloko errektangularra edo zilindroa erabili beharko dute. Bigarren lanean ere bi harri hauetako bat erabili beharko dute, baina 175 kilokoa. Hori bai, lehen txandan errektangularra erabili duenak bigarrengoan zilindroa erabili beharko du, edo alderantziz.

Hirugarren lanean 150 kiloko kubikoa erabili beharko da, eta azkenik, 125eko bola. Harri bakoitzarekin hiru minutuko txanda bakar bana izango dute.

Aurrez aipatu bezala, Aimar Irigoien da txapela lortzeko faborito nagusia eta bakarra. Adituen ustez, berari aurre egin liezaiokeen bakarra Joseba Ostolatza da. Zestoarrak ere badaki txapela lortzea zer den, baina berak ere badaki oso zaila izango dela Irigoien mendean hartzea, bai, behintzat, zerbait gertatzen ez bazaio.

Hala ere, Jokin Eizmendi bera ere ongi dabilen kirolaria da eta saiatuko da Joseba Ostolatza estutzen eta bigarren postu horretara iristen. Jakitunen ustez, hiru hauek izan beharko lukete podiumean. Badirudi azken bi postuetarako lehiatu beharko dutela Ugartemendiak eta Telleriak. Azken hau oso harri-jasotzaile indartsua da. Kilo gutxiko kirolaria da, baina beti eman izan du ikaragarrizko maila.