GARA DONOSTIA

Dulce Pontes abeslariak euskaraz kantatuko du Sortuko Dira Besteak ikuskizunean

Belaunaldi ezberdinetako euskal musikariez osatutako Sortuko Dira Besteak ikuskizuna Donostiara itzuliko da gaur. Gonbidatu ugari izango ditu, tartean, Dulce Pontes abeslari portugaldarra.

Sortuko Dira Besteak ikuskizuna Donostian eskainiko dute berriro, iaz bira berezi bati hasiera eman ostean. 2012an Kursaalen eskaini zuten emanaldian jada iragarri zuten kontzertu hura ez zela apartekoa izango, alegia, itzal luzea izango zuela. Urtean zehar Sortuko Dira Besteak (SDB) Euskal Herriko txoko desberdinetan aritu da. Esaterako, ekainean Tolosan izan ziren Joxan Lizarribarren omenez antolatutako ekitaldian. Gaur Donostiara itzuliko da (Kursaal, 19.00) eta kolaborazio bereziak izango ditu. Horien artean Dulce Pontes abeslari portugaldarra, zeinek bere kantuak euskaraz kantatuko dituen.

Leloari jarraituz, geroari begira jarri dira belaunaldi arteko zubia eraikiz eta artista berriei ateak irekiz. Gaztetasunaren adibide argia dira Estitxu Pinatxo, Olatz Prat eta Iosune Marin. Azken honek, abesteaz gain gitarra joko du. Hauekin batera SDB proiektuan jada parte hartu duten izen ezagunak arituko dira, alegia, Alex Sardui, Mikel Urdangarin eta Petti.

Gaur egun punta-puntan dabiltzan artista hauei euskal musikagintzako legenda bizi bat gehitu zaie aurten, iparraldeko Errobi talde historikoaren partaide zen Mixel Ducau.

Gainera, hainbat une zirraragarri tartekatuko dira ikuskizunean. Adibidez, Amets Arzallus bertsolariak eta Harkaitz Cano idazleak azken honek propio prestatutako testu ineditoak kantatu eta errezitatuko dituzte.

Baina aurten SDB emanaldiak beste osagai berezi bat eskaini nahi dio Kursaalera hurbilduko den publikoari. Lehen aldiz nazioarte mailako artista bat gonbidatu dute. «Orain arte ezagutu izan ditugu atzerriko kantariak geure kantuak euskaraz ematen, baina honako honetan jauzi kualitatibo bat eman nahi genuke. Gure ildo eta filosofiari jarraituz artista hau bere errepertorioko kantuak euskaraz egitera gonbidatu dugu. Artista hori Portugaleko Dulce Pontes dugu», azaldu zuten antolatzaileek.

Mikrofonoa eskuan dutenez aparte, musikaz arduratuko direnak ere aipatzekoak dira. Bertan arituko dira Txema Garces, Oriol Flores, Miren Zeberio, Xabier Zeberio, Luis Fernandez, Xanet Arozena eta Joxan Goikoetxea.

Sarrerak Kutxabanken eskuratu daitezke edo Kursaaleko leihatilan bertan 18 euroren truke. 30 urtetik beherakoek, berriz, 3 eurotan erosi ahalko dute saioa hasi baino 30 minutu lehenago leihatilara gerturatuz gero.