Kalekumeak baserritartu dira, eta aitzurrak eta «atxurrak» nahasi
Baserria buruan batzuek; jantzietan gehien-gehienek. Boneta, zapi, gona eta atorren kolorea eta txistorraren zaporea izan zituen atzo egunak Euskal Herriko hainbat txokotan, bereziki Bilbo, Donostia eta Azpeitian. Kalekumeak baserritartu ziren, eta aitzurrak eta eskuetan babarik sortzen ez duten «atxurrak» nahasi, Amets Arzallusek eta Nerea Elustondok kantatu zuten bezala.

Bilbon, Areatzan bildu ziren santomasetako txosna eta postu gehienak, talo, txorizo eta sagardo festa ospatzeko. Konpartsek ere pintxoak, bertso saioak eta beste ekitaldi ugari eskaini zituzten. Arrasaten gaur dira santamasak eta bi txerri zozketatzea izanen da berritasun nagusia.
Donostian, «Jaxinta» izan zen protagonista, Leitzako Arro baserrian hazitako 340 kiloko zerrama. «Konsti» erdian, lasto tartean goxo-goxo lo zegoen bera, jendetza gainera etorri zitzaionean. Kamerak eskuetan eta haurrak bizkarrean, ia-ia borrokan ibili ziren ikusteko, eta gibel-handi hori konturatu ere ez!
11.30 aldera jada beteta zegoen plaza. Gazta, sagardo upel, pastel eta txistor artean gustura zebiltzan herritarrak. Postu baten gibelean, Iñaki Garziandia Iruritako gaztaina-saltzailea zegoen, «Eskuara mihian eta ibili munduan» lelodun labe polit batekin. Etengabe ari zen gaztainak probatzeko ematen eta saltzen. Miren Aire bere lagunaren Urepeleko patea ere eskaintzen zuen, Ezpeletako piperrarekin, piper beltzarekin eta euskal txerriaren gantzarekin egina.
Donostiako Jon Tomasek 9 urte bete zituen eta familiarekin ospatzen ari zen egun berezia. Aitortu zuenez, ez zuen txistorra gustuko, baina pintxo bat jan zuen eta gustatzen hasi zitzaion. Kontatu zuenez, ikastetxean San Tomas eguna bizitzeko ekimenak egin dituzte egunotan; adibidez, standak muntatu dituzte bertako produktuekin eta lehiaketa egin dute. Posturik onenarentzat, merendola bat.
Ane, Olatz eta Iñaki Arantzazuko Ama ikastetxeko 15-16 urteko neska-mutilak ogitartekoak, pintxoak, sagardoa eta ardoa banatzen ari ziren ikasturte bukaeran Parisera bidaia egiteko. Goiza ongi zihoan eta nahiko diru biltzea espero zuten.
Zabalonea, txapeldun
Konstituzio plazaren erdian, barazkien erakusleiho ederra zegoen. Adibidez, Hernaniko Zabalonea baserriko Manu eta Maddi Iradik 40 sagar mota zituzten. 15 urte daramate egun honetan Donostiara etortzen eta beti irabazi dute fruitu lehiaketako lehen saria, baita atzo ere.
Gehiena errezila edo errege sagarra dute, eta erosleek gustukoen dituztenak gaziak dira. Hamarretik bederatzik gaziak erosten omen dituzte. «Etxeko onena ekartzen dugu, zuhaitzetik jasotzen ari garen bezala banatu eta jartzen ditugu». Berritasun gisa, bideoak jarri zituzten fruten ondoan, jendeak ez baitzien sinesten horiek denak etxekoak zituztenik. Ikus-entzunezkoekin, prozesua erakutsi zuten, kimaketatik hasi, lorealditik igaro eta bildu arte. Orain kimaketa eta landatze sasoia da.
Beti saiatzen dira mota berriak ekartzen; iaz maridi ekarri zuten eta atzo roxa eman zigun Manuk probatzeko, zapore berezikoa. Berak eman dio izena.
Kantu jirarekin batera kalez kale Bulebarrerantz jo genuen. Besta jada Alde Zahar osora eta bertze auzoetara hedatu zen. Barrikadak ziren karrikak, baina umorez eta dantzaz gainditzekoak. Hala zebiltzan adin guztietako lagunak.
Kioskoan, sari banaketa egin zuten, eta Maddi Iradiz gain, beste lagun aunitzi egin zioten aitorpena: Elizaran ikastetxearena izan zen posturik dotoreena; Ibaetako Lagunen Auzo Elkartea, La Anunciata Ikastetxea eta Konparsa Fama izan ziren Txorimalo lehiaketako sarituak; Amaia Irazustak, Antonia Murgiondok eta Ezozi Etxebarriak irabazi zuten barazki lehiaketa; eta fruitu txapelketako bigarren saritua ere Murgiondo izan zen.
Ondotik, bertso saio bikoitza: Amets Arzallus Euskal Herriko txapelduna eta Nerea Elustondo Bulebarrean, eta Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiak tantaz tanta Elkartasun Gune bilakatu zuten Trinitate plazan. Anaiek ederki zirikatu zuten elkar, baita enparantza betetzen zuten entzuleak ere.
Herri kirolak egin zituzten Bulebarrean eta Izeta II.ak eta IV.ak harri borobila bizkarrean agurtzeko egin zuten itzulian ikusleek zuten ilusio eta poz aurpegiak dena erraten zuen. Ondoan, aldakako desgastearen ondorioz kirol hori utzi behar izan duen Mieltxo Saralegi harri-jasotzaile handia zegoen (329 kilokoa altxa duena), «etxean ezin egon» eta baserrian betidanik ikusi duena egiten: taloa.
Egunaren bukaeran, edo gaur goizean, baserritar jantzia erantziko dute gehien-gehienek. Buruan mantentzea izanen da garrantzitsua.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
