Josebe Egia

Autoritarismoa opari

Ba al da inor benetan ziur zertan ote den zehazki Espainiako Justizia ministroaren abortuaren legearen erreforma? Abortuaren kontrakoa, hobe esanda. Zeren, kontra-kontrakoa dela inolako dudarik ez dugula aparte, beste guztiak jada txantxa hutsa baitirudi: bere alderdikideen arteko tirabirak -batetik, egun jarrera ulergaitz samartzat hartuta, aldendu nahi izan direnak, eta, bestetik, parte-hartzerik ez balute bezala ez ikusiarena egiten ibili direnak, eta horien arteko oreka-zuriketa bila trakets ibili denik ere bai-; erreformaren zenbait puntutan atzera eta aurrera, orain debekatu, orain baimendu; etengabeko atzerapenak -bost epe ere aipatu izan ditu ministroak bi urtean-....

Mesedez, nahikoa dugu. Arestian aipatuak ez al zaizkio aski Gallardon jaunari konturatu ez ezik barneratzeko ere aurrera atera nahi duenak ez duela jendartearen babesik? Ez al dio lotsarik ematen bai bere alderdiko sektore kontserbadoreenari, bai horiek ordezkatzen duten jendarteko gutxiengo ultramoralista bati, bai Eliza katolikoaren tokiko goi-kargu muturrekoenei, eta ez beste inori, nahi dutena emateko eragiten ari den nahaspila? Ez al du bizkarrean erantzukizunaren zama sumatzen, uneren batean sikiera, emakumezkoen belaunaldi berriak, batik bat, gogorra, konplikatua, beldurgarria, arriskutsua eta oso injustua zen egoera batera itzultzearena?

Bistan da ezetz, tematuta dagoela erreforma baino atzerapauso itzela den hau aurrera ateratzearekin, bere filosofia eta ikusmoldea paperean iltzatuta gera dadin lortzearekin. Dagoeneko badut buruan oraindik gertatu gabeko argazki bat, imajinatzen baitut Gallardon lege berriaren dokumentua eskuan txapelketa bateko garaikurra balitz bezala besoa altxatuta erakusten, asebeteta. Eta imajinatzen dut, harro baino harroago esanez: «Jaun-andreok, lasai egon gaitezke aurrerantzean, izan ere, orain, bai giza bizitza, bai emakumeen askatasuna, bermatuta ditugu».

Sinestezina, horrenbesteko hipokrisia, baina hala dio ministroak, lobotomia baten ondoren ahaztuko balitzaizkio bezala amatasun eskubidea defendatu nahia eta lagundutako ugalketa debekatzea emakume ezkongabe eta lesbianei ez dela inolako askatasunik bermatzea; ama izan nahi dutenentzako laguntza publikorik edo pizgarri positiborik ez bermatzea, politikariek horretarako lanik ez egitea, ez dela ez ama horien, ez etorriko diren gizakien ongizatea zaintzea; abortuaren kontuaren oinarrian kokatzea noiz onartzen diogun emakume bati bere haurdunaldia etetea, zein baldintzatan, jarri beharrean onargarria den inork edozein emakume haur bat izatera behartzea, ez dela emakumeon askatasuna defendatzea, autoritarismo patriarkal hutsa baizik. Ondotxo daki hori Gallardonek, eta hori bere botere-eremuaren mendeko emakume guztiontzako haren Gabonetako oparia: inposizioa eta autoritarismoa, ez gaitezen gehiegi, eta betiko, askatu. Ekin dio, azkenean, bere falazia eta arduragabekeriari, ekar ditzakeenen inguruko inolako harrik, inolako ezinegonik, agertu gabe, kolpean 30 urte atzera joan bagara ere.