Andoni ARABAOLAZA
Himalaia | Lehen igoera

Errusiako Urrezko Pioleta Kusum Kangururentzat

Vyacheslav Ivanovek eta Alexander Ruchkinek seimilakoaren hego-mendebaleko lehen igoera sinatu ondoren, Errusiako alpinismoko sari garrantzitsuena irabazi dute. Sokadak 1.600 metro estilo arinean eskalatu zuen. Zailtasuna: errusiar eskalan 6a gradua.

Pasa den 14an, Errusiako Urrezko Pioletaren ekitaldia egin zen. Sei hautagairen artean, Vyacheslav Ivanovek eta Alexander Ruchkinek Kusum Kanguru mendian (6.367 m, Nepal) eginiko jarduerak jaso zuen saria.

Alpinistok seimilakoaren hego-mendebaleko lehen igoera poltsikoratu zuten. Jarduera estilo alpinoan egin zuten, eta emaitza honakoa da: 1.600 metro eta errusiar eskalan 6a graduko zailtasuna. Horretarako hamar egun behar izan zituzten (urriaren 10etik 19ra). Eguraldi makurrarengatik horietako hiru erabat geldirik pasa zituzten.

Protagonistok zabaldutako marrari «Erorikoa amildegian» jarri diote, eta aurreratu behar da gorriak pasa zituztela. Hurbilketa bidea oihan batetik behar izan zuten egin, paretaren baldintzak oso txarrak ziren, elurroldeak sufritu zituzten... Muturreko egoera bizi izan zuten, eta horren ondorioz, jaitsiera egin ondoren, helikoptero batek erreskatatu zituen.

Hurrengo lerrootan, Ivanovek eta Ruchkinek Kusum Kangurun eginiko espedizioaren nondik norakoak laburbilduko dizkigute.

Muturreko egoera

Kusum Kanguru mendia Luklatik oso gertu dago. Argi geneukan igo gabe zegoen hego-mendebaldeko pareta eskalatu nahi genuela. Eta hara abiatu ginen. Hormatzar horretan hiru couloir daude. Ezkerrekoak paretaren erditik eraman zaitu, eta oso arriskutsua da. Guk aukeratutakoa erditik eskuinera dago.

Lehen bi egunetako eskalada nahiko fina izan zen. Arrokak 5 eta 7 milimetro arteko elur geruza zuen, eta aseguratzeko komeriak izan genituen. Gainera, oso izotz gutxirekin egin genuen topo. Denbora gehiena artesiak bilatzen eta garbitzen igarotzen genuen.

Bi bizkar-zaku genituen. Sokaburuak txikiena eramaten zuen, baina, teknikoki sekzioren bat zaila jartzen bazen, orduan hura gabe eskalatzen zuen. Hasiera-hasieratik, bibakak nahiko deserosoak izan ziren. Hauek antolatzeko denbora piloa pasa genuen. Bigarrenean, adibidez, 40-45 graduko aldats batean ordu eta erdiko lana egin behar izan genuen. Lan eskerga hori egiteaz gain, goialdetik erortzen ziren harkaitzen erasoetatik ezkutatu behar ginen.

Hirugarren egunean beste zazpi luze eskalatu eta berriro bibak seguru bat atondu genuen. Biharamunean, eskuinera jo genuen izotz marra fin batzuetara heltzeko esperantzarekin. Elurra ari zuen. Elurroldeen erasoak ez zuen etenik. Eta, hala moduz, leku txiki-txiki bat prestatu genuen gaua igarotzeko. Hiru ordutik behin gure denda garbitu behar genuen; bazirudien elurroldeek edozein unetan eraman behar gintuztela.

Hurrengo hiru egunak, urriaren 13, 14 eta 15a, oso-oso txarrak izan ziren. Geldi-geldirik, eskalatzeko inolako aukerarik gabe. Slavakek eta biok argi genuen eskalada honetan zailtasun teknikoak baino askoz ere garrantzi handiagoa izan zuela jasandako estresak.

Denboraleak eguzkiari lekukoa eman zion. Pareta erabat zuri zegoen, eta eskalada kalbario bat bihurtu zen. Eroriko bat, gero beste bat, eta beste bat... Hilaren 19an, berriz, 6.145 metroko garaierara heldu ginen. Ez urik, ez gasik ezta janaririk ere; ezer gabe geratu ginen. Eta indarrak? Ia batere ez. Biharamuna gailur eguna izan zen. Erlaitz laberintikoak, elur txapinoiak, arrakalak, haizearen norabide aldaketa, hotza... Baina tontorrera iritsi ginen.

Jaitsiera gogorra izan zen oso. Leher eginda geunden. Ipar hormatik rapelatu genuen. Beste bi gau paretan pasa ondoren, 22an, 4.500 metrora iritsi ginen. Erabat deshidratatuta, elurra urtu ordez, jan egin genuen. Azkenean, haranera heldu ginen. Erreka batera hurbildu eta urarekin «mozkor» polita hartu genuen. Zorionez, bizirik atera ginen.

gogorra

Hamar egun behar izan zituzten seimilakoa igo eta jaisteko. Protagonistek diotenez, muturreko egoera bizi izan zuten. Helikoptero batek erreskatatu zituen.

«Eskarmentua aberasgarria izan da, baina denetarik bizi izan dugu»

Kusum Kanguru izan da Ivanoven eta zure azken espedizioaren helburua. Nola sortu zen seimilako horretara joateko asmoa?

6.500 metroko garaiera baino gutxiago zuen mendi bat aukeratu nahi genuen. Eta, hain zuzen ere, garaiera ez zen garrantzitsuena, baizik eta ohiko baimenaren inguruan dauden traba guztiak saihestea. Horrek guztiak denbora eta diru asko eskatzen du, eta guk ez dugu. Lasai asko esan dezakegu Sagarmanthako Parke Nazionalean geundela sortu zela urrian eginiko xede hau. Mendi batzuen inguruan informazio bila ginela, Kusum Kangururekin egin genuen topo. Eta, gainera, esan ziguten bere hego-mendebaldeko aurpegia eskalatu gabe zegoela.

Nahiz eta eskaladan zein jaitsieran muturreko egoera bizi izan zenuten, lasai asko esan genezake lehenbiziko buruhausteak paretara hurbiltzeko bidean izan zenituztela, ezta?

Niri eskaladaren prozesu guztia egitea gustatzen zait. Hala ere, hormara telegarraiatzea gustatuko litzaidake; Valery Rozovek egiten duen bezala. Eta beste hainbeste, helburua bete ondoren, haranera jaisteko. Egia bihurtu ez den ametsa da. Txantxak alde batera utzita, esan behar dut oihan horretan ez dela inor ibili, ez dagoela biderik eta den-dena oso itxita dagoela. Hurbilketa bidea erabat basatia eta gogorra izan zen. Arantza zorrotzak zituzten zuhaixkak oso deserosoak izan ziren. Arantza horiek motxilan zein arropan engantxatzen ziren. Ondoren, estropezu egiten zenuen, behin eta berriz erortzen zinen, errekak zeharkatu behar zenituen zazpi-zortzi aldiz, arrokak irrist egiten zuen... Kilometro eta erdiko oihan tentea eta arazo horiekin guztiekin. Nork du hori gustuko?

Hori guztia gutxi balitz bezala, oso eguraldi makala jasan behar izan zenuten.

Uste dut elur gehiegi zegoela. Eta, gainera, eskalatzen ari ginen bitartean elur asko bota zigun. Batez ere laugarren egunetik aurrera; elurroldeek arriskua biderkatu zuten. Esan ziguten urriaren amaieran eta azaroaren hasieran hotz gehiago eta eguraldi egonkorra egiten duela, baina ez zen hala izan.

Baldintza horiekin ez genuen batere zorterik izan, baina guk argi dugu ez gaudela prest besoak jaisteko, eta, horregatik, nahiz eta eguraldi txarra jasan, pareta osoa eskalatzeko gai izan ginen.

Aurreko kronikan aipatu duzun bezala, pareta oso arriskutsua zegoen.

Ezustekoak bata bestearen atzetik iritsi ziren. Esku artean genituen argazkietan hego-mendebaldeko isurialdea askoz ere garbiagoa ikusten zen. Hots, elur gutxiago eta arroka gehiago. Baina alpinistak gara eta egoera berrietara moldatu behar gara. Mendia igo eta jaisteko aurreikuspena bost egunekoa zen. Elurrarengatik askoz ere mantsoago joan ginen, eta uste dut elurroldeak saihesteko couloir seguruena aukeratu genuela.

Jaitsiera, berriz, ipar aurpegitik egin zenuten. Zergatik aukeratu zenuten horma hori?

Jakin bagenekien, hego-ekialdetik bide erraza duela, baina bizpahiru egunekoa. Eskalatutako hormatzarretik jaistea ez zen aukera batere ona. Eta Interneten ikusi genuen iparretik jaistea era egokiena izango zela. Zoritxarrez, eguraldiak ez zigun lagundu.

Aipatu duzue muturreko egoera bizi izan zenutela. Hala ere, bizirik atera zarete.

Eskarmentua aberasgarria izan da, baina denetatik igaro dugu. Haranera, batez ere Slava, justu-justu iritsi zen. Espedizio honetan hamaika kilo galdu ditut; Slavak, aldiz, hamahiru.

Eta azkenean helikoptero bat eskatu zenuten.

Bai, erreskaterako laguntza hori eskatu genuen. Hala ere, kosta egin zitzaigun helikoptero bat hartzea. Traba eta denbora piloa izan zen, baina azkenean iritsi zen. Ziur naiz Mendebaldeko alpinista batek askoz arazo gutxiago izango lukeela helikoptero hori lortzeko.

Osasuna zegoen tartean, eta ezustekoari ezin genion beste tarte bat utzi. Jakina, gure helburua gure kabuz itzultzea zen, baina gure gidaria ez zen gure bila etorri. Agian hizkuntz arazoak izan ziren, edo bidea ez zuelako aurkitu. Kontua da aurrera jarraitzeko indarrik ez genuela. Azkenean, dena ondo atera zen. Alpinismoak abentura kutsu hori dauka. A.A..