AIERT GOENAGA

Leloak leloentzat, dirua... betikoentzat

1986an Gobernu espainolak «futbolak» Ogasunarekin zuen zorra lehen aldiz barkatu zuen. Garaiko 20.727 milioi pezeta izan ziren, orduan existitzen ez ziren 125 milioi euro (egungo 317 milioitik gora). Sei urteren buruan, Curro eta Kobi leloentzat leloak zabaltzen ari ziren urtean, bigarrenez barkatu zuten «futbolaren» zorra. Dirua betikoentzat berriz ere. 31.000 milioi pezeta izan ziren orduan, garaiko 186 milioi euro (egungo 337 milioitik gora). Egun, hogei urte beranduago, futbolaren munduak Ogasunarekin duen zorra 752 milioi eurokoa da. Alegia, aurreko kopuruak barkatu izan ez balizkiete Ogasunarekin ia 1.500 milioiko zorra izango zuten, eta onerako zein txarrerako, Ogasuna denok gara.


Datuok nahiko ez-eta, erakunde publikoetatik publizitate zein bestelako kontzeptuen pean futbol taldeek jasotzen dituzten milioika euroak (kantitate limuriak), zelai berriak egiteko zoru publikoen kontzesio irregularrak edo udal tasak ordaintzeko obligazioetan neurri bereziak politika sozial murriztaile bortitzekin eta krisi egoera latz batekin bizikidetza amorfo batean ikusten ditugu surrealistatik beste hainbeste duen gure egunerokotasunean.

Aski da, ez? Globoa behingoz leherrarazi beharko da ba! Gu bertatik hastea onena. Athletic-ek esaterako, (bai, bai, Athleticek diot, ze Athletic ere «futbola» deitzen diogun horren parte da onean eta txarrean) San Mames berria finantzatzeko diru publiko pila bat adjudikatua zuenean, zor majoa zeukan Ogasunarekin. Javi Martinezen diruaren zati eder bat baliatu zuen iaz zorra kitatzeko. Imajinatzen euskalgintza edo beste hainbat alorretako ezein elkarte Ogasunarekin milioika euroko zorretan izan eta aldi berean diru laguntza publiko potoloak jasotzea udalak eraikin propio moderno bat eraikitzen dion artean? Ez ezta? Neuk ere ez. Futbola atsegin dugu baina ez dugu batere atsegin gure pasioaren izenean Athletic zein beste edozein gainerakook «hiritar zabor» bezala sentiarazten gaituzten neurrien onuradun egiten ikustea.

Futbol taldeekin neurri zuzentzaileak hartu behar dira lehenbailehen. Esaterako, hurrengo 30 urteetan, euro bat ere ez ematea poltsa publikotik. Onura fiskalak kendu, ze Athletic irabazi asmo gabeko elkartea izan arren, bere kide baloratuenen irabazi asmoak agerikoak dira. Azken hogei urteotan jaso duten diru publikoaren zati bat apurka itzultzea ere ondo legoke, baita futbolarien soldatetan tope bat ere (zer deritzozue 70.000 euro?). Futbol taldeen aurrekontuaren %70 inguru soldatetarako da eta Ogasunari zor zaion zati handi bat futbolariek kobratzen dituzten dirutzen gehiegikeriaren ondorio zuzena da. Gainera, moraltasunaren kontra doa gainerakoon besteko aukerak eduki arren sekula liburu bat irakurri ez eta reaggetoia bakarrik entzuten duen «astapitozakil» batek baloi bati ostikoak ematen jakitearren zirujau, irakasle, ingeniari edo lehendakariak berak baino gehiago irabaztea. Neoliberalek eskaria eta eskaintzaren legea dela diote, soldata horren jatorri publikoari ez ikusi eginez; eta futbola patatekin jaten duen lerdoak arrazoi emango dio. Zappinga egiteko mandoaren pilak edo hil bukaerako internet kuota justu ordaintzen dituen XXI. mendeko esklaboak, alegia. Baina hori egia-erdiarekin jolastea da eta egia-erdia gezurra baino okerrago da sarri. Egia-erdia da sarri estatistikek diotena. Estatistikak dio ehun laguneko laginean batez besteko soldata 12.000 eurokoa izan dela 2013an. Laginaren argazkia baina hauxe da; 1,2 milioi euro irabazi dituen Athleticeko jokalari bat eta urte osoan prestazioak agortuta sos bakarra jaso ez duten 99 langabe. Dirua, onura fiskalak eta legedia malguak betikoen mesedetan ipintzen dituzten bitartean, hor dabiltza agintariak pertsona helburu eta antzeko leloekin ahoak betetzen; mezuen hartzaileak leloak izango bagina lez. Eta ez gara leloak! Ez? Ala?