Ixabel Etxeberria
Irakaslea

Manipulatzeko nahiak

Duela zenbait egun prentsara heldu zen Iparraldeko jauntto batek arazoak zituela auzitegiekin, bere postua baliatu zuelako herritar batzuei isunen kentzeko, herriko Poliziaren burua tartean zela. Ez da berri arrunta, azken urte luzeetan ez baitut gogoan beste hautetsirik inputatu denik, Destrade sozialista bazterrean uzten badugu. Nonbait berri ona, hautetsiek ez baitute haien ardura baliatu behar beren interesen alde. Horretan denak ados, Barne Ministerioan bere zelatarien bitartez hautetsi guztiei buruz txostenak dituzketelarik, interesatzen zaielarik prentsari informazioaren filtratzeko.

Ondorioz, Borotra jauna inkulpatua. Horiek horrela, Frantziako prentsaren itzulia egin, eta «Liberation» egunkarian ikusten dut Borotraren abenturaren berri ematen dutela. Ez da erraz ulertzea nola Pariseko erredakzioak interes zerbait aurkitu dion berri horri, Biarritz eta politika utziko duen auzapeza hunkitzen duelarik. Baina abenduaren 10eko berri horri itsatsia zaio argazki bat, non Borotra ikusten den bi abertzalez inguraturik. Bat ABkoa, bestea Sortukoa. Berriz ere, nola ulertu Pariseko erredakzioan 1992tik senataria den Borotraz duten argazki bakarra dela bi abertzalez inguraturik agertzen dena dela? Zaila da pentsatzea hautua kasualitatea dela!

Informazioari jarraituz, agertzen da gertakari horretaz arduratzen den prokuradorea Anne Kayanakis Baionako prokuradorea dela. Memoria pixka bat egiten badugu, gogoratzen gara Jon Anzaren txostenaz arduratu zela eta ikerketek ez dutela deus argitu. Aldiz, Borotraren kasuan xehetasun asko plazaratu ditu eskaini duen prentsa aitzinekoan! Hariari jarraituz, «La semaine du Pays Basque» aldizkarian gertakariaren aipamena zegoen, hor Borotraren «sistema» baten susmoa proposatzen zuten. Alegia, sistema, antolaketa zabala, lerroen artean mafia? Hots, elementu asko hedatuak intentzio nahiko maltzurrarekin.

Izan ere, Borotra jaunak ez baditu ere beti harreman errazak izan abertzaleekin, zonbait urrats egin ditu. Horrela, euroaginduaren kontrako mitina Biarritzen egin zen eta Borotra bera bertan egon zen. «Herria dugu arnas» ekitaldia Biarritzeko herriak utzitako gelan egin zen. Bake prozesuaren alde ekintzaile agertu den jauntto bakarra Ipar Euskal Herrian Borotra izan da.

Ez naiz hemen jauntto baten alde jartzeko, baina prentsak gure begien aurrean, ezagutzen ditugun elementuekin, manipulazio hutsa egiten duelarik, ongi ulertu behar dugu ezin garela lasai gelditu. Abertzaleengandik hurbiltzen diren hautetsiei abisua ikusi behar da Borotrari pasatzen zaion fakturan. Ez dut txalotzen isunak barkatu baditu, baina Barne Ministerioaren eragina ez dagoenik ez nuke erranen. Bestalde, diru kontuak, «sistemak» aipatzen direlarik, abertzaleak horri lotzea dena da probetxugarri, diru kontuak, hain zehazki emanak, ia-ia froga ematen dute. Diru kontuak oso egokiak izaten dira jendea zikintzeko, «Liberation»-en Borotra agertzea bi abertzalez inguraturik ezin da kasualitatea izan. Izan ere, Korsikako abertzaleak etengabe lotzen dira prentsan mafia antolaketekin. Abertzaleen kriminalizatzeko beste bide bat ireki nahi luketela argi dago.