Floren Aoiz
www.elomendia.com
JO PUNTUA

Olentzero eta sentipen egiturak

Ederki dakite espainolistek asko zabaldu dela Olentzeroren itzala. Gehiegi, haien ustetan, beraiek gatazka ikur bilakatu dituzten erreferentziak ahultzen direlarik

Esaten da gerla garaian zulo guztiak trintxera bilakatzen direla. Gerlan ez ezik, gatazketan ere lehia esparru bilakatzen dira ohiturak, erritoak, festak, ikurrak, musika...

Halaxe gertatzen da gurean Eguberrien inguruan. Kristauendako abenduaren 24a eta 25a eta urtarrilaren 6a dira une nagusiak, Jesukristoren sorrera eta Errege Magoen etorrera goraipatzeko. Kristautasunaren aurreko festa ere badago, abenduaren 21a, neguaren ingurukoa, laborarien egutegian hagitz garrantzitsua. Ez dakigu gehiegirik kristautasunaren aurreko ohiturei buruz, baina gerora beste hainbat santurekin lotuko ziren festok; San Tomas eguna, Eguberri sua eta Olentzero dira kasu ezagunenak.

Egitasmo eta nortasun politikoen arteko talkaren testuinguruan, hau guztia lehia bilakatu da. Berez, kristautasunaren erreferentziek eta euskal askapen asmoarekin lotutakoek ez zuten zertan derrigorrez kontrajarriak izan behar. Aberri Eguna, esaterako, festa kristaua hartuta iragaten da Aste Santuan. Europa eta munduko beste hainbat tokitan bezala, festa paganoen ondotik etorritako santuen egunak asko estimatzen dira hemen ere.

Olentzero izugarrizko erreferentzia bilakatu da, jende askorendako aro honen ikur nagusia delarik. Politizazio eta talka giroan erreferentziak ere elkarren kontra jarrita, Olentzeroren kontra oldartzen dira asko. Honela ulertzen da, esaterako, Iruñean izan den eta oraingoz baden Olentzeroren kontrako gurutzada.

Lehia oparien aferarekin lotu da, jakina. Nork ekartzen dizkie haurrei opariak? Honen araberako lerroketak gertatzen dira, kasu batzuetan ideologizazio handiz, beste batzuetan termino praktikoetan erabakitzen delarik auzia: Olentzerok jolasteko egun gehiago eskaintzen ditu oporren bukaeran kokatutako Erregeek baino.

Raymond Williams ezkertiar pentsalariak lehia hauek ulertzen laguntzen duen sentipen egituren kontzeptua erabiltzen zuen. Aro bakoitzean sentipen egitura nagusitzen da, horrekin lehian dauden beste batzuk indartzen saiatzen direlarik. Sentipen egituren talka pizten da.

Olentzero sentipen egitura berriaren ikur bat da. Oparien auziari erantzuteaz gain, festa, kultura, iraganarekiko lotura eta geroko egitasmoak biltzen ditu. Ikur kolektiboa da, sentipen berria ordezkatzen duena.

Ederki dakite espainolistek asko zabaldu dela Olentzeroren itzala. Gehiegi, haien ustetan, beraiek gatazka ikur bilakatu dituzten erreferentziak ahultzen direlarik. Gainera, Olentzero, baserritar jantziak eta beste hainbat imajinario «normalizatu» dira gero eta esparru gehiagotan. Jada ez dira agertzen egitasmo politiko nabarmena duen esparru berritzaile baten erreferentzia huts gisa, ohitura komun gisa baizik.

Nafarroako herri batean bizi den lagun batek esaten zidan arrautzak jaurtitzen zizkiotela lehen Olentzerori. Orain, berriz, jende askok hartzen du parte, pertzepzioa erabat aldatuta. Bestela esanda, sentipen egiturak aldatu dira, nagusitutakoari arerio eraginkorra agertu zaiolarik.

Nafar espainolistak horretaz jabetu eta «problematizatu» nahi izan dute Olentzero, sentipen egitura horren eragina beren esparruetara ere zabaldu delako.