Urteko azken txapelketa ofizialak jokatuko dira

Bizkaiko Bigarren Mailako aizkolarien finalarekin eta herrialde bereko trontzalarien maila nagusiko finalarekin amaituko dira urte honetako txapelketa ofizialak. Bihar 12.00etatik aurrera jokatuko dira Laukizko pilotaleku-probalekuan.
Aizkorako Bigarren Mailan, Alex Txikon, Beñat Lekue, Done Intxausti, Julen Larrea eta Igor Duñabetia neurtuko dira. Alex Txikon izango da garaipena lortzeko faborito nagusia.
Pasa den larunbatean apustua jokatuta iristen da Lemoakoa neurketa honetara. Proba mistoa izan arren, aizkoran mendean hartu zuen Juan Telletxea, eta sasoi onean dagoela erakutsi zuen. Hori kontuan hartuta, bera aterako da faborito, baina gainerakoekin ere kontuz ibili beharko du.
Izan ere, denetan gazteena baldin bada ere, eta oraindik gazte mailako aizkolaria baldin bada ere, Julen Larrea ere kontuan hartu beharko da. Aizkoran oso ongi egiten duela jakina da, eta galtzeko ez du ezer ere izango, egiten duen guztia ongi egina egongo baita.
Larrea eta Duñabeitia kenduta, gainerako guztiak Euskal Herriko Hirugarren Mailan ari dira, eta han lehiatzen dira. Aurrez aipatu bezala, Larrea oraindik gazte mailan ari da, eta Duñabeitia, berriz, lehen aldiz plazaratuko da. Beraz, bere maila oraindik ikusgai dago.
Trontzalariak
Leku berean jokatuko da maila nagusiko trontzalarien finala ere. Aurtengoan, gainera, aizkolari ugari arituko dira trontzako finalean, eta kirol aldaketa horrekin nola moldatzen diren ikusi beharko da, nahiz eta gehienak udako erakustaldietan ere trontzan egin behar izaten duten.
Ispizua eta Jonan, Arana eta Arana, Larrea eta Atutxa, eta Bihurri eta Larrea izango dira lanean arituko diren bikoteak. Aitzol Atutxa, Bizkaiko aizkolari txapelduna, lehen aldiz arituko da ofizialki trontzan, eta jendeak badauka nola moldatzen den ikusteko gogoa.
Herrialdeko aizkorako txapela pasa den astean jantzi zuen, eta bihar saiatuko da trontzan ere gauza bera egiten. Hala ere, Arkaitz Arana eta Oier Arana izango dira txapela janzteko faborito nagusiak. Txapelketa ugaritan aritutako bikotea osatzen dute, eta saiatuko dira garaipena erdiesten. Gainerakoak kirol honetan nahiko berriak dira, eta ikusgai dago nola moldatzen diren.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
