Iosu GANUZA
Hatortxu Rock Jaialdia

Jendetza, lehen ordutik, Atarrabian

Hatortxu Rocken 16. edizioa ospatu zen atzo Atarrabian. Jaialdiko ateak 16.00etan ireki zituzten eta lehen ordutik jendetza bildu zen karpa erraldoiaren inguruan. Elkartasun festibaleko edizio honetan, besteak beste, El Trono de Judas taldeak bere ibilbideko azken kontzertua eskaini du.

Hatortxu Rock elkartasun festibalak bere 16. edizioa ospatu zuen atzo Atarrabian. Ohiko formatua aldatuta, egun bakar batean eta bi agertoki txandakatuz ospatu da aurtengoan jaialdia. 16.00etan ireki zituzten ateak eta hasiera-hasieratik jendetza bildu zen Atarrabia eta Burlatako hilerrien artean kokatutako karpa erraldoian. Arratsaldeko seiak aldera, txarteldegian salgai jarritako sarrera guztiak agortu egin ziren.

Elkartasun festibalari irekiera Glaukoma talde gipuzkoarrak eman zion. Jada hiru urteko ibilbidea duen taldea rapa eta reggaea nahasten dituzten doinuekin hasi zen giroa berotzen. Glaukomaren ondoren, 17.30ak aldera, Willis Drummond lapurtarren kontzertua hasi zen.

Bi kontzertuen artean sartu zen boluntario gisa bere txanda betetzera Estebe Apezetxea erratzuarra. Sukaldean aritzea egokitu zitzaion. Apezetxeak azaldu zuenez, «seiak aldera hasi da jendea ogitartekoak eskatzen, baina guk bostetatik utzi ditugu prest, labetan berotzen, afal orduko kaosa aurreikusita». Gauerdian amaitzekoa zen erratzuarraren txanda eta argi utzi zuen: «Parranda egiteko gogoz aterako naiz sukaldetik».

Ordu berean sartu zen edarien barrara Iruñeko Jose Javier Esandi. «Jende nahikotxo dago eta lana badugu, nahiz eta oraindik ere jende uholdea heldu ez den», esan zigun. Esandi harriturik zegoen, izan ere, «jende nahikotxo hasi da bostetatik kubatak eskatzen».

Ondoren hasi zen Soziedad Alkoholika taldearen kontzertua. Gasteiztarrek jotzen zuten bitartean, El Trono de Judas taldeko eta antolakuntzako kideek beste agertokia prestatu zuten iruindarren azken kontzerturako. Diego abeslariak azaldu zuenez, atzoko kontzertua «ez zen gure azkena izan behar, azkena beti babestu gaituen Etxarriko gaztetxean eman behar genuen, baina Hatortxukoak tematu egin ziren azken kontzertua hemen eman genezan». Azken kontzertuaren aurreko uneak «bereziak» izan ziren Diegoren hitzetan, «izan ere, proiektu bat itxi eta bestelako izen eta izpiritua izango duen beste batekin hasiko gara».

Ikusleen artean zeuden Atarrabia eta Ollokiko bi gaztetxok, Leire Ornatek eta Amaia Armendarizek, aurtengoan ez zirela talde jakin bat ikustera joan azaldu ziguten, «baina elkartasuna adieraztea behar-beharrezkoa da beti, bai horrelako ekitaldietan bai urtarrileko Bilboko manifestaldian». Xabier Aranburu 22 urteko iruindarrak, ordea, argi zuen Obrint Pas ikusi nahi zuela. Aranburuk adierazi zuenez, «eskerrak sarrerak aurretik hartu genituela, oraintxe bertan esan baitidate agortu egin direla!».

Irantzu Anaut 19 urteko gaztea, berriz, karparen kanpoaldean zen, bere gogoko kontzertuak noiz hasiko zain. «Gustatzen zaizkidan taldeak 22.00etatik aurrera hasten dira, beraz, hemen kanpoan motorra berotzen geldituko naiz oraingoz», esan zigun. «Horrelako ekitaldietan sarrerak hain goiz amaituta, argi gelditzen da jendearen konpromisoa eta presoekiko elkartasuna», nabarmendu zuen.

El Trono de Judasen ondoren, Non Servium, Ze Esatek!, Governors, Obrint Pas, Flitter, Kaotiko, La Raiz eta Skakeitan taldeek jo zuten.