Jon LEUNDA
Top 14

Lapurtarrei aurrerapausoak emateko garaia iritsi zaie

Aviron eta Biarritz sailkapeneko azkeneko bi postuetan daude, biak ere jaitsierako lekuetan.

Lapurtarrei iritsi zaie aurrerapausoak emateko garaia. Bai Aviron eta baita Biarritz ere jaitsierako postuetan daude, eta, datorren urtean Top 14an jarraitu nahi baldin badute, puntuak batzen hasi beharra dute, baita orain arte egin duten lana hobetzen ere. Izan ere, bestela datorren denboraldian ez dira onenekin batera lehiatzen arituko.

Etxean arituko dena Aviron izango da, 19.00etan Stade Toulosain hartuko baitu Jean Dauguer estadioan. Avironek badaki gaurko neurketak nolako garrantzia duen, baita zaleek ere, salgai jarritako 17.000 sarrerak agortuta baitaude, eta Jean Dauguerren betekada handia izango baita gaur arratsaldean.

Hori dena kontuan hartuta, baionarren zuzendaritzak lan handia egin du, eta animazio handia jarri dute bi oren lehenago hasita. Musikariak ez dira faltako, baina ezta Pottoka ere, taldeko animatzaile ofiziala. Berarekin batera arituko da Olentzero zaleen artean opariak banatuz, eta tartean zozketa anitz ere egingo dira.

Kirol arloari dagokionez, Aviron azken bigarrena da sailkapenean 26 punturekin, eta salbazioko postuak hiru puntura ditu. Stade Toulosain, aldiz, liderra da 41 punturekin. Dena dela, tolosarrentzat zelai txarra da Baionakoa, oso gutxitan irabazi baitute bertan. Gainera, Aviron oso talde indartsua da etxean, eta horrek konfiantza handia ematen die zaleei. Baionarren deialdian, honako jokalari hauek sartu dira: Roumieu, Etrillard, Igiñiz, Manukula, Muller, Tialata, Fa'aoso, Boutaty, Chisholm, Senekal, Haare, Olivon, Monribot, Marmouyet, Belie, Rouet, Fernandez, Brett, Rokocoko, Lovobalavu, Ahoetiloa, O'Connor, Bustos Moyano, Fuster eta Spdding.

Biarritzek, berriz, bi oren lehenago jokatuko du Montpellierren. Lapurtarrak azken postuan daude, eta salbazioko postuak 13 puntura dituzte. Frantziarrak, berriz, seigarren postuan daude, eta haientzat ere garrantzi handiko norgehiagoka da, liga sei onenen artean amaitu nahi baitute gero final laurdenak jokatu ahal izateko.

Biarritzen egoera oso zaila da, eta jada maila galduko duela onartzen hasita daude Olympiqueko zaleak. Oraindik posible da behetik irtetea, baina horretarako garaipenak bata bestearen atzetik behar dira, baita aurrekoek huts egitea ere, eta hori dena ez da erraza izaten.

Zuri-gorrientzat urte oso zaila ari da izaten, baina ez emaitzengatik bakarrik, baita izaten ari diren lesio ugariengatik ere. Gaurko norgehiagokan, esaterako, Balshaw, Burotu, Dubarry, Gimenez, Marie, Taele eta Waenga faltako dira. Guztiak ere ongi daudenean hamabostekoan izaten dira, eta haien falta nabarituko du Biarritzek.