Iker ZALDUA
Eleberria | 19 Kamera

San Frantzisko Bilbon

Asmoaren berri izan nuenean liburua nire esku artera iritsiko zela pentsatu nuen. Gaia erakargarria iruditu zitzaidan lehenengo unetik. Kontua zen San Frantzisko zelatatuko zuela Arretxek, bertako historiak istorio bihurtzeko asmoz, izan ere, badira zenbait plaza koadernoa beteko dizutenak, ideiaz, istorioz, komentarioz eta irudimenez. Horietako bat behar du izan, ez baitut aski ezagutzen, Bilboko auzo hori. Haruki Murakamik «Gauaren sakonean» eleberrian egin zuen antzera, Jon Arretxek kamerak erabiltzen ditu bertako eszenak fokatzeko, kamera horien arduradunak mugituko du alde batetik bestera kontakizuna, hara eta hona eramango gaitu, irudi interesgarrienaren xerka. Murakamik Tokio aukeratu zuen eta gau bati heldu zitzaion, kameraz giza begiak ikusi nahi ez duen hori erakusteko. Arretxek Bilboko auzo horren barna ipinitako 19 kameraren aitzakian jarri du gure begien aurrean horren mikro ez den klima bat erakusteko, gurean ere (hurbil ez, bertan) berotzen, hozten eta, are, izozten duen klima.

Hala ere, Arretxek koadernoaren irudimenak atalean ezarritakoari tira egin eta kontakizun mamitsua sortu du. Urrunegi joan dela iritziko du zenbaitek, fantasiaren atalasera ere hurbildu dela ere bai, agian. Nago, ordea, kontakizun horretan agertzen diren miseriak erakustea zela idazlearen asmoa, hau da, kamera horiek jasotzen duten hori, arduradunaren eta agintarien iragazkitik pasa eta desagertu aurretik, gure begietan ipintzea. Burkina Fasoko etorkina da protagonista nagusia, beste asko bezala, etorkizun hobe baten bila edo, hobe esatera, etorkizun baten bila gurera etorritakoa. Paperik gabe, dirurik gabe, iparrorratzik gabe bihotz gabeen zementuzko oihanean sartu da. Ezagutuko du polizia, ezagutuko du prostituzioa, ezagutuko du droga trafikoa, ezagutuko ditu esklabo etorritako nigeriarrak eta ezagutuko ditu gorpu bilakatutako gorputz alderraiak. Horren mikro ez den klima horretan, ordea, ezagutuko ditu gizon zuriak eta aristokraziako lagunak ere bai, azkenean, kasik, ekitaldi bakoitzeko mila euro irabaz ditzakeen izar bilakatzeraino. Istorioa irakurtzen ari garela, ordea, mezu subliminalak bailiran, Arretxek auzoan jazotzen diren bizipenak jartzen dizkigu labur-labur aurrez aurre. Gure protagonistarekin zerikusirik ez duten istorioak dira, baina kontatu nahi duenarekin bat datozenak, hilketak, menderakuntzak eta jazarpenak. Oharkabean iristen zaizkigu irudi horiek, Toure afrikarrean begian iltzaturik dauzkagula flash batek jo bagintu bezala, eta flasharekin batera irudiak sartzen zaizkigu garunean, berehala Toure fokatzen dugun arte berriro.

Bizi doa kontakizuna, gertaerak ez dira berantiarrak eta bat irensterako beste eszena bat fokatzen du kamerariak. Aurrera egiteko irrika du irakurleak, ezustekoaren eta aurreikusgarriaren arteko marra fina ongi kudeatzen du Arretxek, aurreikus daiteke aurrerago zer gertatuko den, bai, baina ezustekoak ere badira. Kontakizunaren garapenak zein bide hartuko duen aurreikus daiteke, apika, baina hori nola mamitzen den, zein bidezidor hartzen diren, asmatzen ez da erraza. Azken orrietan istorioari amaiera eman beharrean, segida ematen saiatzen da Arretxe; kamerak itzali egin dira, baina Toure San Frantzisko auzoan dago oraindik. Eta San Frantzisko Bilbon dago, oraindik.