Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Tanta berri on!

Gabonak heltzen diren bakoitzean, horien atarian, beti izaten dut gauza bat buruan, bat eta bera. Ea behingoz arin pasatzen diren!. Onartu behar dut, ezinegona da nirea, gabonetan sentitzen dudana. Ez dakit den kaleko arbolei beraiei ere adarrak dir-dir pizten zaizkielako, edo den arbolen ondoko pertsonei poltsak eramateko gorputz-adarrak biderkatzen zaizkielako, edo den loteriaren doinuak burmuina zulatzen didalako, edo den mahai gaineko zizka-mizkak sekula amaitzen ez direlako, edo den... delako. Gainera mafia usaina hartzen diot Gabonari, familia!. Tira, harira! ea behingoz laster pasatzen diren, eta ohiko normalkeriara bueltatzen garen! Demonio! Bai, egunotan faltan botatzen dut eguneroko normalkeria. Baina horren bitartean, horra! izorra!. Ama, ama! zenbat txori ez ziren egunotan adar puntetan hilko, elektrikaraz. Eta zenbat korrokada hotsek ez zuen soinuaren abiadura gaindituko.

Kale bazterreko zaborrontziak ere gainezka, ume garaiko «Katangarako azken trena» pelikulako bagoiak gogoan. Halako batean, lerdotuta edo, botilak biltzeko holako iglu itxurako ontziari begira geratu naiz, izkina xume batean, gabonetako logika ulertu gurarik edo. Eta horren aurrean jendea ilaran, arrandegian legez, nork bere poltsak eskuan, botilak ontziratzeko. Botilak ez dira han utzi behar, ez gero, apurtu egin behar dira, dzast!, gero, nonon, nonoiz, botila berriak egiteko, lehengoen berdinak, berriz apurtzekoak, dzast!. Diotenez, Bizkaian beiraren bilketako datuak oso onak dira, botilatan baino zatitan neurtzen omen baitute. Baina ez galdetu zergatik apurtu botilak, zati guztiak osorik daudela esango dizute eta. Ikusi? azkenean halako gauzak darabiltzat buruan gabonetan.

Eskerrak aurten denboralea izan dela, dinbi eta danba. Horri esker, bestela albisterik apenas gabonetan. Santo tomasak, betiko legez, urtean behineko taloa jan ahal izateko. Euskal selekzioa, urtean behineko partidua ikusi ahal izateko, baina ez taloa eskuan, talokoa beste egun bat da eta. Batzuen independentzia oihua ere urtean egun batekoa izaten da, landetan, eta ponentziatik kanpo. Ponentziak gauza serio omen baitira. Joan badoa zaharra, eta etorri badator berria, tantak bilduz doaz olatuen ozeanorantz. Busti gaitezen, gabonetatik haratago busti ere!. Osasunaz. Burujabe.