Gabonak

Asko dira Gabonetako jaiegunak bidaiatzeko erabiltzen dituzten surflariak. Jada abendua da, eguna laburra da eta hotz egiten du. Oraindik urak gradu batzuk gehiago jaitsi behar ditu, baina udako goxotasun hura aspaldi galdua du. Beraz, Kanariar uharteak edo olatu onak dituen leku epelago bat aukera bikain bilakatzen dira.
Gero, oporretatik bueltan olatu perfektuen argazkiak erakusten ditu surflariak etxean, lantokian eta lagunen artean. Horrek bekaizkeria sor dezake beste surflariengan, «inbidia sanoa» esango luke baten batek. Nola izango da sanoa inbidia bada? Gehienetan oporrek iraun duten artean olaturik ez dutela izan esaten digutenean poztu egiten gara, gizakiak garelako, miserableak. Hori bai da sanoa, besteen zorigaitzak sortzen digun gozamena ez ezkutatzea, alegia.
Ez dakit zergatik, baina badirudi Gabonak ez ditugula gustuko izan behar. Ez dela «progrea» senitartekoak elkartzeko aitzakia diren egun hauek maitatzea, baina nik asko gozatzen dut egunotan. Ikuskizun penagarriak ere badira, bai noski. Jesusen jaiotza antzezten duen ohola daramaten haur kantarien atzetik doazen gurasoek lotsatzen naute, eta kaleak nola apaintzen dituzten ikusteak gogaitzen nau, baina oro har gustuko ditut Gabonak.
Aurten, gainera, sekulako itsaskiak izaten ari gara Kantauriko hegian. Aspaldian ezagutu ez ditugun bezalako baldintzak izaten ari gara. Olatu handiak, hego haizea, eta, gainera, astea joan eta astea etorri luzatzen ari diren sagailo amaigabeak. Aste honetarako ere itzelezko olatuak iragarri dituzte adituek, beraz, zer gehiago behar du olatu artean ibiltzea maite duen norbaitek?
Gabonen ostean etorriko dira ur berotan bainujantzi soil batekin surfean aritu diren lagunak, baina aurtengoan bestelako argazkiak erakutsi beharko dizkigute, gurean baina olatu hobeak, oraintxe bertan, ez baitira inon. Eta oraindik olatu handiena etortzeko dago. Uhin lerro batek ozeanoa zeharkatzen duen modu berean dator hau ere, eta lur hartzean lehertuko da. Urtarrilaren 11n izango da-eta Bilbon.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
