Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Xalotasuna joandakoan

Ni neu, txikitan, eta ez hain umetan ere bai, Gabonzale porrokatua nintzen, fan hutsa. Gabonak sinonimo zirelako oporrena, jolas-parke erraldoiena, afari eta bazkari bereziena -aitak zuritzen zizkidan otarrainxkena, batik bat-, normalean ikusten ez nituen osaba-izeba eta lehengusu-lehengusinena eta, jakina, opariena. Gabon-gaua, niretzat, urteko luzeena izaten zen, ordu eta minutu amaigabeen segida motela. Biharamunak, baina, merezi zuen. Gure etxeko egongelako atea ireki eta, ene, hori ikuskizuna! Zapatak eta paketeak, argiak eta arbola, denok pijamatan, kolore festa bizia.

Gabonak haurrentzat dira. Benetan gozatu bizitzako garai horretan egiten dira. Alegia, ezertaz ohartzen ez zarenean. Burutik pasatu ere ez zaizunean egiten zenbat lan dagoen familia giro horren guztiaren atzean, eta nork egiten duen. Eseri, bapo jan, helduen elkarrizketak entzun, kantatu, jolastu, lo egin eta Olentzerori itxaron beste eginkizunik ez duzunean. Ez zarenean kezkatu behar, dena goxo eta ondo egon dadin, aurretik kezkatzeaz: erosketak egiteaz, janariak prestatzeaz, mahaia jarri eta garbitzeaz, batzuekin eta besteekin hitz egiteaz, haurren oporraldiekin bat egiteko zeure burua antolatzeaz, izan ditzakezun arazoak une batez alde batera utzi eta dena ahalik eta atseginen izatea lortzeaz, senideak zoriontsu egiteaz...

Kaleko argi eta apaingarri horien guztien kostua ez zaizunean indezentzia eta surrealismo hutsa iruditzen, telebistako iragarki bonbardaketa itzelak ez dizunean enpatxuaren goragalea eragiten, leku guztietatik begiek irentsi beharreko irudi familiar perfektu eta elkarren artean berdin-berdin horiek ez dizutenean garrasika hasteko gogoa ematen. Hamabost bat egunez, bat-batean, munduaren eta pertsonon arazoak desagertuko balira bezala bizitzarekin bai ala bai pozik egon beharreko sentsazio horrek ez dizkizunean kirioak dantzan jartzen. Ez dizunean gogoa ematen hegazkin bat hartu eta ahalik eta urrunen joateko. Hain zuzen, Gabonak ospatzen ez diren herrialderen batera.

Urte bukaerarekin batera ez duzunean balantzerik egiten, zeurea eta zeure ingurunean gertatu direnena, jendartearena. Urte berria datorrela-eta ez duzunean pentsatzen horrela jarraituz gero are izorratuago egongo garela; urtetik urtera ez zaizunean iruditzen pertsonon arteko berdintasuna, pertsona guztion ongizatea, etorkizun duinerako aukerak, eta justizia soziala, gero eta gehiago direla kimera eta ez eskubide, eta urtea aldatuagatik hori ez dela sekula aldatuko. Eta zuk zortea izan duzula. Ez duzunean sentitzen, urteen egutegian aurrera egin ahala, jendartearen egitura justuagoan atzera garamatzatela. Eta orain «urte berri on!» hain pozik oihukatzen duten haur horiek direla, hain zuzen, etorriko diren urte berrietan ondorioak biziko dituztenak. Nahiz eta eurak ere, ziurrenik, hamabost bat egunez urtero prest egongo diren hori guztia ahaztu eta zoriontasun eta baikortasun kolektibora jolasteko.